bertan

Zerain ekologiaren erakusleiho bihurtuko da

Igandean egingo da Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren XXIV. azoka

M. Aranburu - Viernes, 14 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

zerain - Bertako ekoizle ekologikoen produktuak ezagutzeko aukera egongo da beste behin Zerainen. Igandean, egunean zehar, Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren XXIV. azoka egingo dute 10.00etan hasi eta 14.00ak arte. Guztira 36 mahaitan banatuta 22 ekoizlek parte hartuko dute. Gehienak gipuzkoarrak izango dira, %80 inguru, eta besteak, aldiz, ingurukoak direla aurreratu dute.

Adrian Sanchez Biolurreko elkartea da eta haren iritziz “baserritarren produktuak ezagutu eta harremanak sortzeko” balioko du azokak, baina ez horretarako bakarrik: “Produktu ekologikoek gure ingurumenean, gure larre eta mendietan, eta ekonomian duten eragina ere azalduko dugu. Gure ustez, eragin handia du eta hori ikustera emango dugu”, azaldu du.

Ohiko legez, beraz, produktu ekologikoak ezagutu eta erosteko aukera egongo da eta artisautza ere presente izango da. Zerain Dezagun fundazioko Amaia Junkerak, bestalde, azaldu du iazko dinamikari jarraituz parrilan arkumea prestatuko dutela eta Lumagorri oilaskoak ere bai. “Jendeak oso gustura hartu zuen eta herriko produktoreek saldu eta dutena erakusteko balioko du”. Berezitasunak ere izango dira eta Gironako Cistella herriko 45 bat lagun Zerainen izango dira asteburua pasatzen eta azoka ezagutzen.

Biolur elkarteak informazio postua jarriko du ekoizpen ereduen inguruko galderak erantzuteko asmoarekin. Goierriko Kontsumo Taldea ere bertan izango da eta Zerainen izanda, bertako ekoizleek ere izango dute txokoa.

jardunaldiak ere bai Azokaz gain, irailaren 18an hasi eta 22ra arte ekologia izango da hizpide Goierrin. XI. edizioa da aurtengoa eta lehen ekitaldia hilaren 18an izango da Ataungo Udaleko osoko bilkura aretoan. Bertan Garbiñe Etxanizek Hesteetako mikrobiota, osasunaren gakoa. Ikasi nola zaindu hitzaldia eskainiko du. 19an, Ordiziako Barrenan, Eneko Viñuelak Dame veneno: la alimentación que nos enferma saioa gidatuko du. 20an, Zeraingo kultur etxean Leire Ibarretxe baratza ekologikoaren oinarriez mintzatuko da. 21an, bestalde, Segurako kultur etxean Eneko Landaburuk Curarse uno mismo, sin los peligros de los medicamentos gaia landuko du eta azkenik, irailaren 22an, Itsasoko Goiti baserrian ogi tailerra egingo dute, 10.00etatik 14.00etara. Gainontzeko ekitaldi guztiak iluntzeko 19.00etan hasiko dira. Jardunaldi hauetan Jesus Mari Gonzalez baserritar eta ekosozialista izango dute gogoan.