Boteprontoan

Copy-paste

Karmele Jaio - Viernes, 14 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 09:57h.

Auzo lotsa sentitu dut Espainiako politikariak baten masterra eta bestearen tesiari buruzko eztabaida horretan murgilduta ikusten ditudanean. Ibaiko presa batean bezala geldituta irudikatu ditut, oinak lokatzetan sartuta. Zenbat denbora xahutu dute batzuen eta besteen aholkulari eta teknikari taldeek euren eta beste alderdietako kideek kurrikulumak aztertzen? Zenbat denbora galdu dute? Benetan merezi al dute herritarrek halako kulebroi bat? Konpontzeke dauzkaten arazo guztiekin?

Hezkuntzaz hitz egin nahi dutela? Ikasketei buruz hitz egin nahi dutela? Ba egin dezatela oraintxe bertan ikasten ari diren horiei guztiei eta etorriko direnei begira. Zeren hemen arazoa ez da bakarrik ardura politikoak dituen batek bere ikasle garaian copypaste egin izana bere lanen batean. Horri buruz hitz egin behar badute, egin dezatela hobeto copy-pastearen kulturaz, orokorrean, gure gizartean, eta ez bakarrik gure ikasleen artean, gero eta zabalduago dagoen joera horretaz. Teknologia berriek (bide batez, noiz arte berri?) aukera eman digute horretarako, eta denbora asko aurreztu dugu haiei esker, zalantzarik gabe, baina copy-pastea jarrera bat bilakatu da, espiritu kritikoa baztertzeko tresna ikaragarria bihurtu da.

Eta ez da hezkuntza eremuko arazo bat bakarrik. Joan zaitez egunkari bateko erredakziora, eta ikusi nola gero eta joera handiagoa dagoen prentsa ohar eta agentzietako notiziak ia heldu bezala argitaratzeko. Paragrafo batzuk kopiatu eta itsatsi. Copypastea ez da gutxi batzuen hutsegitea, ez da bakarrik ministro bat bere kargutik kentzeko arma bat, copy-pastea gure gizartearen inertzia gero eta handiagoa da. Nola ez dute bada ikasleek paragrafo osoak kopiatuko, komunikabide guztietan berdin-berdin idatzitako notiziak aurkitzen badituzte, politikarien hitzetan esaldi berdinak entzuten badituzte, eskolan sormena landu ordez diktaketak baino egiten ez badituzte... Eztabaida ez da nork kopiatu duen, iritzi kritikorik gabe etengabe dena kopiatzen duen gizarte bat eraikitzen ari ote garen galdetzea baizik.