gizartea

Euririk gabeko Euskal Jai ederra

Idi bat Zarauzko malekoian.

Goizean goizetik festa giroa nagusitu zen Zarauzko bazter guztietan. Musika, dantza eta aparteko giroa izan ziren protagonistak, iaz baino jende gutxiago bildu zuen festa zoragarrian.

Un reportaje de Nagore Odriozola Ruben Plaza - Lunes, 10 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Iragarpen guztien aurka, euririk gabeko Euskal Jaia ospatu zuen atzo azkenean Zarauzko herriak. Goizean goizetik festa giroa nagusitu zen bazter guztietan eta arratsalde partean, laino guztien azpitik bada ere, Iñurritzan, Munoan eta baita Arrona zaharreko txosnagunean ere, giro aparta izan zen.

Aurreko urtearekin alderatuz, jende gutxiago ibili zen atzokoan zarauztarren euskal festan. Kontxako Banderaren ospakizunek edota igande buru zuriaren ondorioek eraginda, atzokoan Zarauzko kaleak herriko jendez bete ziren hein handi batean. Txistularien soinu bandak goizeko 7.00etan jarri zituen herritarrak euren etxeetan dantzan. Eguzkiak berak keinu egin zien hasieratik, jaiez gozatzera gonbidatuko balitu bezala. Noski, dultzainero baita trikitilarien laguntzarekin, kaleak gutxinaka baserritar jantziz betetzen joan ziren.

Badira goiz partean elkarteetan hamaiketakoa egiteko ohitura dutenak, baita zuzenean orgekin kalerantz abiatzen direnak ere. Umeez arduratu eta Alproja taldearen antzerkira abiatzen direnak ere, baita goizeko poteoa egin eta herritik buelta bat emateko asmoarekin besterik ez doazenak ere. Mila dira Zarauzko Euskal Jaiak ospatzeko moduak, bertaratzen diren pertsonak adina, ziur asko.

Eguzkiak, bada, errespetatu zuen egun handia, iragarpen guztien kontra. Zoritxarrez, beranduegi Alproja Antzerki Taldearen erabakia atzera eramateko. Urtero egin ohi duten bezala, aurten ere Munoa plazan egingo zuten euren emanaldia, baina bezperan erabaki zen hau Aritzbatalde frontoira mugitzea. Aurtengoa haien 40. urteurrena izanda, pena handia izan zen jendeak kanpoan geratu beharra, izan ere frontoiak edukiera mugatua du. Baina 40 Sinfonia musikalaz gozatzeko aukera izan zuen orok antzezlan “bikaina” izan zela ziurtatu zuen.

Eguerdi aldera, norberak bere mokadutxoa egiteko modua eta lekua bilatu behar izaten du urtero Euskal Jaitan. Koadrila edota familia elkartean bildu eta etxean egindako marmitakoaz gozatu ohi dute batzuk, parkean eseri eta bokadiloez beste batzuk. Izatez, bada geldiunerik egin gabe ere festan jarraitu nahi duenik. Guztien aukerara, zabalak dira alternatibak. Iñurri-tzara kalejiran joan eta arratsaldea bertako giro apartaz gozatzen pasa, edota txosnagunera gerturatu. Baita tabernetan dantzan geratu edota herriko plazetan kontu kontari ibili. Norberaren gustura, Euskal Jaietan beti izango da festaz goza-tzeko mila aukera. Atzokoan, beste behin ere, eredugarri festa alorrean Zarauzko herria.

Secciones