Festak aurrera darrai Zestoan Amabirjin egunean

Atzoko txupinazoaren ostean gaur festen bigarren egun ‘potoloa’ biziko dute herrian

Sábado, 8 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

ZESTOA - Dultzaineroen dianarekin esnatuko da gaur Zestoako herria. Lo egiteko beta izan duen oro, behintzat. Atzokoan txupinazoa Euskaraldi batzordeko kideen eskuetatik irten zen eta Onintza Iruretak onartzen du hasiera batean “proposamena arraroa izan zitekeela” pentsatu zutela. Izan ere, “Euskaraldia bezalako proiektu sendo eta serio bat halako festa giroarekin uztartzea zaila izan zitekeen”, dio baina gero, pentsatuz, proiektu euskaltzale honekin herri guztia konprometitu nahi zutela konturatu ziren. “Aurkeztu ostean, pozik jaso genuen proposamenaren baiezkoa”, gehitzen du. Txupinazoarekin batera, “Euskaraldia, aho bizi eta belarri prest kontzeptuak jendeak aditzea lortu dugu, eta beraz, festez goza-tzen jarraituko dugu gure txanda heldu artean”, amaitzen du Iruretak.

Dultzaineroen ostean, txistulari eta musika bandak kalejiraz beteko dituzte gaur herriko bazterrak, baita parkour, break dance, malabareak eta monozikloen ikuskizunek ere. Horiek frontoian eta beste zenbait txokotan egingo dira, guztiek ikuslegoaren gozamena eraginez. Hauek amaitzear direla, Zestoako Bandaren kontzertua hasiko da ondoren. Arratsaldean (17.30), berriz ere kalejira antolatuko dute dultzainero eta txistulariek, eta haien laguntzarekin lehenengo zekorketa iragarriko da. 18.00etan izango da hau, Jesús García Iglesias toreatzailearen eskutik. Eguna amaitzear, Suakai EléKtrico eta DJ Davila izango dira jendea dantzan ipiniko dutenak Laranjadi plazan. - N.O.