Cartas a la Dirección

Irailaren 8a, Euskal Kolektibitatearen Nazioarteko Eguna

Aitana Agirre Loiarte eta Jon Andoni Urdangarin Urrutia EGI-Euzko Gaztediko Aberri Kontseiluko kideak - Sábado, 8 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

euskal Kolektibitateak Nazioartean izan duen eta oraindik duen garran-tzia oso inportantea da: haien Aberria sekula ahaztu ez zutenen ondorengoek eusten dute atzerrian gaur egun Euskadiren sugarra bizirik, haien arbasoek egin zuten bezalaxe.

Jakin badakigu ez dela lan makala izan, asko izan baitziren gurasoen hizkuntza eta ohiturak galdu zituzten seme-alabak, nahiz eta, zorionez, gaur egun kontrako prozesua ematen den;bilobek berreskuratze prozesu bat hasi dute, euskotar sentituz haiek. Egon badaude euskaraz egiten duten argentinar, txinatar, ingeles, amerikar, eta imajina ezin ditzakegun txokoetako euskaldunak;baita dantzatzen edo pilotan jokatzen dutenak ere. Izan ere, horrela iritsi dira gaurdaino Euskal Etxeetan hezitako euskotarrak, aldaketa gehiago edo gutxiagorekin, nahiz eta, akaso, sekula Euskadi zapaldu ez duten.

Harrotasunez daramate haien aitona-amonen abizena eta historia;eta, zergatik ez, esan daiteke kanpoan ditugun enbaxadore onenetarikoak direla, haien ahotik irteten baitira gure Aberriari buruzko hitz goxo eta laudagarrienak. Gure historiaren transmisioan ezinbesteko protagonistak dira, euskal nortasuna haien ondorengo belaunaldietan txertatuz eta hura mantenduz aritzen baitira. Bizirik dagoen gure historia kolektiboaren zatia dira.

1876an, Montevideon, Laurak Bat izena zeraman lehen Euskal Etxea sortu zen;eta, ordutik, gaur egunera arte, euskal etxe guztiak etengabe aritu dira lanean euskal kultura, ohitura eta hizkuntza mantentzen, nahiz eta bilgune horiek Guda Zibilaren ondotik izan zuten presentzia eta jarduera gehien. Gudak eragin zituen milaka errefuxiatuek haien herri berrietan “Euskadi txikia sortu zuten, etxean ukatzen zi-tzaien Aberria hil ez zedin”.

Eusko Jaurlaritzak ere izan du bere garrantzia lan horretan: elkartruke programen bitartez atzerriko euskaldun askori euskara ikasteko aukera eman die, diru-laguntzen bitartez;izan ere, bisiten eta bestelakoen bitartez lagundu die Jaurlari-tzak Euskal Etxeei jarduerekin jarraitzen.

Orain, gaurko egun berezi honetan, guri dagokigu Euskal Kolektibitatea deritzona osatzen duten guztiei esker oneko hitzak zuzentzea, egiten duten lana eskertzea eta duten garrantzia azpimarratzea. Guk behar ditugun bezala behar gaituzte haiek gu ere;euskal nortasunaren oinarrietako bat dira, askotan jabetzen ez bagara ere.

Egin duzuen, egiten duzuen eta egingo duzuen guztiagatik, mila esker mugetatik kanpo aurkitzen zareten euskaldun guztiei eta Euskal Kolektibitate zoragarria osa-tzen duzuenoi! Jarrai dezagun euskal nortasuna eta Euskadi askea batera eraikitzen!