Gaur hasiko dira Tolosako Izaskun auzoko jaiak

Txupinazoa 18.00etan botako dute eta, besteak beste, danborrada eta kontzertuak izango dira

Viernes, 7 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Tolosa - Gaur hasi eta igandera bitarte luzatuko dira Izaskun auzoko festak. Hamabi urte dira dagoeneko jaiak berreskuratu zituztela eta aurten eta adin eta gustu guztietako jendearentzat antolatu dituzte ekitaldiak.

Horrela, gaur 18.00etan jaurtiko dute jaiak iragarriko dituen txupinazoa eta jarraian txokolate jatea eta buruhandiak izango dira. Ondoren, 19.30ean, trikipotea izango da, 21.00etan auzo afaria, 22.30ean danborrada eta gauerdian Oztopo eta Laket taldeen kontzertuak izango dira.

Egitarauarekin jarraituz, bihar 11.00etan entzierro txikia izango da Zabalarreta parkean eta ondoren, 12.00etan, buruhandiak. Izaskun plazan egingo den auzo bazkariaren ostean sagardo dastatzea iragarri dute 18.30ean, zahagi ardoa 21.00etan eta ilun-tzean kontzertuak izango dira. Nikotina eta Little Martin Selektah eta Glaukoma taldeak arituko dira 23.00etatik aurrera. Azken hau emanaldi berezia izango da, izan ere denboraldi baterako talde tolosarrak Gipuzkoan emango duten azken kontzertua izango da.

Igandeari dagokionez, 10.30ean tortilla prestaketekin hasiko dira lehiaketako parte-hartzaileak antolakuntzat emandakoarekin. Ondoren, 11.00etan, umeentzako jolasak izango dira, eta 12.00etan tortilla txapelketa hasiko da. Ondoren, pintxo-potea izango da. Eguerdian, 14.00etan zahagi ardoa izango da, 15.45ean apar-festa haurrentzat, 17.00etan magia emanaldia Sputnik plazan eta 19.00etan amaiera festa egingo dute piñatarekin. - M.S.S.

Secciones