Sagardoa nagusi izango da bihar Beasain eta Ordizian

IV. Euskal Herriko Txapelketa Herrikoiko final aurrekoa Beasainen da, eta Ordizian Sagardo Eguna

M. Aranburu - Viernes, 7 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

beasain - Hitzordu garrantzitsua izango dute biharko egunean sagardozaleek. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta, Beasainen IV. Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren lehenengo final aurrekoa jokatuko da eta Ordizian, aldiz, Sagardo Eguna ospatuko dute.

Txapelketa herrikoiak laugarren edizioa beteko du aurten eta final aurreko lehen saioa Beasainen izango da. Ondorengo sailkapen aukerak Goizuetan, Oñatin eta Urnietan izango dira eta final handia, berriz, irailaren 29an izango da, Usurbilen. Hala, botilaratutako sagardoa dastatzeko aukera eskainiko dute Beasainen biharko egunez, eguerdiko 14.00etan abiatuta. Gernika pasealekuko pilotalekuan izango da kokagunea eta bertan bazkaltzeko elkar-tzen direnek sagardoak dastatzeko ardura izango dute. Ondoren, sagardo bakoitzari bost eta hamar bitarteko puntuak eman beharko dizkie. Bazkaltzera joaten den edonork parte hartu ahalko du bozketan, baina horretarako aurrez txartelak erosi beharko dira. Basakana, Plazape, Batzokia, Xerbera eta Antzizar tabernetan eskuratu daitezke, 26 euroren truke.

Txapelketan Euskal Herriko hemezortzi herritako 41 sagardotegik parte hartuko dute guztira eta tartean izango dira Goierriko hiru etxe: Zeraingo Oiharte, Altzagako Olagi eta Ordiziako Tximista. Txapelketaren dinamikari dagokionez, final aurre bakoitzean puntuazio altuena duten bi sagardotegi finalera sailkatuko dira zuzenean, eta besteek puntuazioaren arabera sartu ahalko dute finalean. Behin finala pasa ostean emango dituzte jakitera zein-tzuk izan diren finalistak eta zer nolako puntuaziorekin.

sagardoaz topa Ordizian ere bihar egingo dute Sagardo Eguna, Euskal Jaien barruan. Txikitxoenentzako ekitaldiak ere izango dira hala ere, eta egun osoan haurrentzako parkea puzgarriekin osatuta jarriko dute Beti Alai Pilotalekuan. Goizean 11.00etan zabalduko ditu ateak eta eguerdiko 13.30ak arte egongo da irekita. Arratsaldean, bestalde, 16.30tatik 20.00etara izango dute etxeko txikienek puzgarriez goza-tzeko aukera.

Arratsaldeko 19.00etan Zuhaiztin Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardoak dastatzeko aukera eskainiko da beste urte betez eta ohiturari jarraituz, sagardogileek herritarrekin batera topa eginez argazkia aterako dute iluntzeko 20.00etan. Gainera, egun honetan, Ordiziako ostalariek bereziki egindako pintxoak dastatzeko aukera ere egongo da ardoekin batera. Festa egunari amaiera emateko, Euskal kalejira ere egingo da herriko kaskoan Amets Bide eta Burrunbazale taldeen eskutik eta hala emango diote amaiera aurtengo Euskal Jaien egitarau oparoari.