Boteprontoan

Egokitzea

Karmele Jaio - Viernes, 7 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 10:06h.

Telebistan zer ikusten duten galderaren aurrean askok erantzuten dute La 2 telebista kateko dokumentalak ikusten dituztela. Klasiko bat da. Inork ez du ikusten Mujeres y hombres y viceversa edo Sálvame, baina gero audientzien paperak mahai gainean, hara, bestelako emaitzak antzeman daitezke. Baina demagun egia dela, denok benetan La 2eko dokumentalak ikusten ditugula. Ba ez dugu, hala ere, askorik ikasi, zeren animalien bizitzaren inguruko dokumental hauek ikusita badago irakaspen handi bat gure eguneroko bizitzarako baliagarria izan daitekeena. Faktore batek desberdintzen ditu eboluzionatzen duten espezieak eta desagertzen direnak: egokitzea.

Egoera, testuinguru eta aldaketa ezberdinei egokitzen direnak bakarrik dute bizirauteko aukera. Mundua zerbait estatikoa eta aldaketarik gabekoa dela sinesten dutenek, aldiz, zenbatuta dituzte euren egunak lurrean. Bizitzaren irudi estatiko hori ilusio bat baino ez da. Dena dago etengabe aldatzen. Gu ere. Etengabeko egokitzea eskatzen du bizitzak. Iraila heldu da eta hainbeste aiene entzun ditut inguruan, pentsatu dut egia dela, ez dela batere erraza udatik ikasturte hasierara salto egitea, sandaliak etxean utzi eta zapatak jartzea, bulegoko ordenagailuko klabea gogoratzea, lanerako buzoa janztea, edo lan bila hastea. Egia da, bai. Baina murgiltzea ahalik eta arinen egin, egoera berriari ahalik lasterren heldu, ez dago besterik. Mundua etengabe aldatzen doa. Zure inguru txiki hori baita ere. Beraz, udan zehar hartu duzun energia hori guztia hobe egoerari aurre egiteko baliatzen baduzu ikasturtea hasteak sortarazten dizun nagikeria etengabe gogoratzeko erabiltzea baino.

Eboluzionatu nahi baduzu, bidean geratzerik ez baduzu nahi, errealitate berrira egokitu beharko duzula, my friend. Ez dagoela eboluziorik egokitzerik gabe. Hori esan nahi nizun. Eta animo. Beharko duzu eta.