Zirrikituetatik begira

Ordua

Rikardo. Arregi - Miércoles, 5 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Ez dakit, Angel Errok zutabe batean iradoki duen bezala, ordu aldaketarena gizartearen otzantasuna entrenatu eta testatzeko simulakroa den ala ez (irailaren hasieran hedatzen den giro goibelean teoria konspiranoikoak sinesgarriagoak iruditzen zaizkit), baina ordu aldaketari buruz egin berri den kontsulta, kontsulta horren emaitzak eta aldaketa bertan behera uzteko aukera balizkoa beste gai, kezka, arazo eta kontu guztiak estaltzeko maniobra ezin perfektuagoa ez bada izan, oso gertu ibili da. Izan ere, ordu aldaketarena hedabide guztietan zein lagunarteko afarietan izan dugu behin eta berriz, jendea urduri ibili da, iritzi estrabaganteak entzun dira.

Ni, egia esan, ez nintzen gehiegi kezkatu: Europako Batasuneko afera denez, arazoak luze joko duela pentsatu nuen berehala. Badakigu nola jokatzen duen Europako Batasunak horrelakoetan: batzorde bat sortuko da, eta azpibatzorde batzuk, Parlamentuak txosten pare bat egin beharko du, Estatuek iritzia emango dute, dena atzeratuko duen zerbait gertatuko da, eta, beharbada, bi urte barru erabaki bat izango dugu. Xaloren batek uste baldin badu hurrengo hilabetean izango dugula orduarena konponduta, atsedena har dezala lasai.

Niri berdin zait orduarena (irailaren hasieran “zen” edo axolagabe jartzea da onena). Zutabegileok esker oneko gai polita dugu urtean bi aldiz ordua aldatzen denean, denboraz filosofatzeko parada dago, eta hori. Ados, zutabe gehienak txarrak dira, baina nik oraindik dut gogoan Anjel Lertxundik idatzi zuen bat, gizakiok denbora kontrolatzeko asmatzen ditugun ahalegin barregarriez: Harold Lloyd-en eszena gogoangarri hura zekarren, badakizue, aktorea ordulari eskerga batetik zintzilik kalera erortzeko puntuan.

Telebistan batek esan du nahiago duela udako ordutegia urte osoan hondartzara joan ahal izateko, beste batek haserre zalantzan jarri du astronomoen jakituria orduen kontu honetan (“zer jakingo dute horiek?”), hirugarren batek eguzkiak inposatzen digula ez dakit zer. Nik gaia atera dut iraileko lehen zutabea idazteko;ez da gutxi.