KIROLAK

Igandean jokatuko da Axari Trail lasterketa Idiazabalen

Goierriko mendi lasterketen Kopako irabazleak egun horretan erabakiko dira

M. Aranburu - Miércoles, 5 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

idiazabal - Bart itxi dira aurtengo Axari Trail lasterketarako izen emateak. Igandean jokatuko dira Idiazabalen bi lasterketak, bai motza eta luzea, eta oraindik zenbaki zehatzak ezagutzera eman ez badituzte ere, guztira ia 400 pertsonak izena emanda zuten atzo arratsalderako bi lasterketan parte hartzeko.

Proba luzean 25 kilometro eta 1.550 metroko desnibelari aurre egin beharko diete partaideek helmugara iritsi baino lehen. Lasterketa txikiak, berriz, izugarrizko gorakada izan du eta abuztua baino lehen bete ziren inkripzioak. Ibilbideak 16 kilometro ditu eta 750 metroko desnibela. “Posiblea da aurtengo parte-hartzea iazkoa baino txikiagoa izatea, proba luzean datuak iaz baino baxuagoak izan direlako”, esan du Aimar Lizarazu, antolakuntzako kideak. Beste zazpi lagunekin batera urte osoan zehar probaren antolakuntzan ibiltzen dira. Igandean, baina, herriak bat egingo du proba kuttunarekin eta 120-130 boluntario arituko dira esku bat botatzen.

Halako probetan beti izaten dira faboritoak eta aurten, Aritz Ugarte antolakuntzako kideak aurreratu du proba luzean emakumezkoetan Oihana Azkorbebeitia eta Oihana Kortazar direla faborito nagusiak, eta gizonezkoetan berriz Inarra eta “agertuko balitz” Beñat Katarain ere bai. “Eguraldi ona ematen dute, terrenoa lehor dago... errekorra zaila ikusten dut, baina auskalo!”, gehitu du Lizarazuk. Ugartek ere eguraldiari erreferentzia egin dio eta “lasterketa arazorik gabe joatea” espero du.

goierri kopa Goierriko mendi lasterketako hirugarren Kopa ere igandean amaituko da. Ekhi Zugasti legorretarra da liderra esprintean, baina maila “baxuan” agertuko dela dio: “Abuztua kanpoan pasa dut eta ia entrenatu gabe azalduko naiz igandean”. Hala ere, beste partaide asko “egoera antzekoan” egongo direla espero du eta guztia emateko prest aterako da: “Ahal den ondoen egingo dut, baina inongo helburu zehatzik ez dut jarri. Ea gorpu-tzak nola erantzuten duen oporren ostean”. Distantzia berean Ainhoa Matxinandiarena legazpiar-ordiziarra da lehen postuan dagoena.

Proba luzeei dagokionean, Martin Diez segurarra eta Ione Cerezo zumarragarra dira lider eta azken orduko aldaketarik ezean, haiek izango dira Kopa etxera eramango dutenak.