gizartea

“Ordiziako azokak oraindik ere tiradizo handia dauka, asteko egun garrantzitsuena izaten da asteazkena”

Gema Lopez, Delikatuz zentroko teknikaria

Gema Lopez ordiziarra D’elikatuz elikadura eta gastronomia zentroko teknikaria da eta aurten ere “gorakada” nabaritu du turisten artean

M. Aranburu - Martes, 4 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

ordizia - Zentro soil bat baino askoz ere gehiago da Ordiziako herrigunean kokatuta dagoen D’elikatuz. Elikadura eta gastronomiari zuzenduta dago eta bertan egunero izaten dituzte turistak, eskualdeaz gehiago jakin nahi dutenak. Bertako teknikaria da Gema Lopez 2005. urtetik.

Udan batez ere, baina urtean zehar jende ugari gerturatzen da zuengana Goierri eta batez ere Ordiziari buruzko informazioa eskatzera. Zer izaten da turistarentzat deigarriena?

-Dudarik gabe Ordiziako azoka. Asteko egun garrantzitsuena izaten da asteazkena eta goizetik abiatuta jende ugari etortzen da. Batzuentzako agian zaharkitua geldituko zen, baina tiradizo handia dauka oraindik ere. Behin azoka ikusita egia da herriguneak ere atentzioa ematen diela, eta normalean asko gustatzen den herri bat izaten dela Ordizia. Baina, esan beharra dago azoka izaten dela hona gerturatzeko arrazoi nagusiena.

Iraila iritsi da eta datuak mahai gainean jartzeko unea ere bai. Nolako uda izan dela esango zenuke?

-Jende dezente inguratu da hona. Urtero bezala, Katalunia, Madril eta Valentziatik etorri dira bisitari gehien eta azken urteetako joera jarraituz, Andaluziatik ere gorakada nabaritu dugu. Azken hauei dagokionez, duela hiru-lau urteko kontua da, orduan hasi ginen ikusten aldaketa. Ordura arte bertatik ia inor ere ez zen hurbiltzen;agian orduko gizartearen egoerak atzera botatzen zituzten. Aurtengo kasuan, datu aipagarria da inoiz baino frantses gehiagok bisitatu gaituztela eta Gaztela Mantxatik ere nabaritu dugu hori.

Ordiziaz haratago beste leku ba-tzuk ere bisitatzeko aprobetxatu ohi dute egonaldia?

-Bai, noski. Goierrin lo egiten geldi-tzen direnak normalean eskualdean denbora gehiago pasatzen dute. Hau da, egun bateko bisita batean denbora mugatua izaten dute eta gauza nabarmenenak ikustera joaten dira. Aldiz, asko izaten dira gaua ere igarotzen dutenak eta horiek eskualdea bisitatu ohi dute. Esaterako, gastronomiari lotuta sagardotegi eta gaztandegiak ezagutzen dituzte, dauzkagun ibilbideak egiten dituzte, bertako museoak bisitatu...

Turismoarentzat aukera askoko eskualdea dela uste duzu? Hau da, potentziala badu Goierrik?

-Nik uste dut probetxu gehiago ateratzeko aukera badagoela, zuku gehiago atera dezakegula. Eskualdeak aukera asko eskaintzen ditu hainbat alderditatik, baina egia da hemengo errealitateari begiratuz gero, jende asko industriatik bizi dela eta ez turismotik. Horrek ere eragina duela uste dut, baina hala ere, indartu egin beharko litzateke, azken finean denetik daukagu hemen, bai gastronomia, historia eta natura.

Bihar Ordiziako Euskal Jaien egitarau barnean bisita gidatu bat antolatu duzue. Zer izango da eskainiko duzuena?

-Ordiziako historia eta kasko historikoaren inguruko informazioa emango dugu arratsaldeko 18.00-etan hasita. Gogoratu aurten 750. urteurrena bete duela Ordiziak eta beraz data garrantzitsua dela. Gainera, Urrup antzerki taldeko kideak ere parte hartzen dute eta horrela, Ordiziako lau pertsonaia antzeztuko dituzte. Nik, bestalde, sarreran herriko historia azalduko dut eta ondoren Elizaren inguruko datu batzuk ere emango ditut.

Mendi bat. Txindoki, egunero etxetik ikusteko aukera dudalako eta irudi polita iruditzen zaidalako.

Hondartza bat. Ez zait asko gustatzen baina bat aukeratzekotan Oriokoa esango nuke.

Paisaia bat. Edozein baino itsasoarekin.

Festa edo ekitaldi bat. Ordiziako festetako kuadrilla eguna, oso egun ona izaten da beti.

Txoko gustukoena. Ez dut bat zehatzik, baina itsasoarekin lotutako dagoen bat izango da kuttuna niretzako, asko gustatzen zait itsasoa eta bere lasaitasuna.

G

ipuzkoatzen

Secciones