Sagardo usaina hiriaren bihotzean

8.000 BOTILA SAGARDO DASTATU ZITUEN | Donostiako Konstituzio plazan bildutako jendetzak XXXIII. Sagardo Egunean

Domingo, 2 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

donostia - Sagardo usaina nonahi, jai giroa ere bai eta abesti herrikoien oihartzuna atzetik. Irailarekin batera Euskal Jaiek hartu zuten atzo Donostiako Parte Zaharra goizetik gauera: topa egiten hasi zuten eguna askok Konstituzio plazan, baita leku berean amaitu ere, baina edalontziak utzi eta dan-tzan, Bageraren euskal erromerian.

Gipuzkoako 34 sagardotegik egin zuten hitzordua 2018ko Sagardo Egunean. 11.00etan hasi eta pixkanaka-pixkanaka jendea animatzen hasi zen, eguerdirako Konstituzio plaza bete arte. Eguraldia lagun, zaleek ez zuten hutsik egin bazkalaurreko sagardo-poteo berezian eta 5.000 lagun inguru elkartu ziren. Muztioa nola egiten den ikusi zuten gainera, sagarra jo, zanpatu eta muztioa bera dastatzeko aukera izan baitzen plazan, edariaren atzean dagoena ezagutzera eman nahian. Estanga Anaiak, bitartean, trikiti soinuak zabaltzen ari ziren.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak Astiazaran Sagardoak etxeko Juan Ignacio Astiazaran eta Isabel Díaz emaztea omendu zituen, jubilatu berriak, “sagardogintzari eskainitako guztia eskertzeko”. Haiekin topa egin zuten ondoren plazan bildutako gainerako sagardogileek, baita bertaratu ziren ordezkari politikoek ere, Eneko Goia alkatea eta Arantxa Tapia sailburua buru. Botilak dastatzen jarraitzen zuten herritarrek ere bat egin zuten topa jendetsuan. Guztira 8.000 botila inguru edan zituzten, baita bakailao tortilla, txorixo pintxo eta gazta pintxoak ere.

Horietako batzuk edari bereziagoak probatu nahi zituztela eta San Jeronimo kaleko kriptarako bidea egin zuten, eta sagardo bereziak dastatzeko aukera izan zuten han: kriantzak, apardunak, muztioak...

Batera edo bestera joateko gehienak Bulebarretik pasatu ziren lehenengo eta euskal tomateen erakusketa eta lehiaketa topatu zuten han, baita nekazaritza ekologikoaren XVII. azoka ere.

Eguerdia pasata pixkanaka heldu zitzaizkien guztiei Erdialdetik zetozen abestien oihartzunak. Euskal Jaien baitan, Kantu Jira berezia antolatu zuten atzo, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak lagunduta. San Martin azokatik abiatu eta Parte Zaharrera heldu ziren, azken sagardo tragoak hartzeko garaiz.

arratsaldean, dantzan Eszenatoki berean jarraitu zuen festak arratsaldean, baina dantzak eta musikak hartu zuten sagardoaren lekukoa. Herri esku dantza egin zuten lehenengo Konstituzio plazan bertan eta euskal erromeria ere bai ondoren, aurtengo Euskal Jaien lehen eguna festa giroan amai-tzeko. - N.G.