ekonomia

Abian da Donostian Euskadiko District Heating sistemarik handiena

Sistemari esker, berogailua eta ur beroa izango dute 1.500 etxebizitzatan

Miércoles, 29 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 10:58h.

DONOSTIA. Replicate proiektua (Europar Batasuneko Horizon 2020 Plana) errealitate bilakatzen hasi da Donostiako Txomin Eneako Ekoauzoan. Lehen etxebizitzak irailean entregatuko dira, eta, horrekin batera, District Heating energia ekoizteko zentroa abian jarriko da;hau da, 1.500 etxebizitzatara berogailua eta ur beroa eramango duen hiriko berogailu-sistema.

Replicate proiektuaren barnean, energia-eraginkortasunean egindako jarduera nagusietariko bat da. Proiektua Donostiak zuzentzen du, eta Florentziarekin eta Bristolekin batera hiri adimentsuaren eredua garatu du energia-eraginkortasunaren, mugikortasun iraunkorraren eta IKTeen arloan. Garatutako eredua, hobetu, frogatu eta baliozkotzen dena, beste hiri batzuetan erreplikatu ahal izango da.

Ernesto Gasco Donostiako alkateordeak ondorengoa adierazi nahi izan du: "berogailu zentralizatuaren sistema horiek abantaila handiak eskaintzen dituzte ekologiaren aldetik, ekipo eraginkorragoak erabiltzen baitituzte, energia berriztagarria izanik iturri nagusia (kasu honetan, biomasa, hots, basoko ezpala), eta, horrela, CO2 isurpenak %80tik gora murrizten dira. Modu horretan, Donostia hiri adimentsuaren ereduaren garapenean lehen postuan aurkitzen da".

EZAUGARRI TEKNIKOAK

District Heating sistemaren funtzionamendurako gakoetariko bat eraikinean jarritako ekipoek dituzten ezaugarri teknikoak dira;hain zuzen ere, beharrezko energia termikoa sortzeko erabiltzen dira, eta bermea eta eraginkortasuna eskaintzen dute, lehen energia ahalik eta gehien murriztuaz energia termikoa ahalik eta gehien sortzeko. Zentralak 7.400 kW-ko potentzia izango du, eta biomasako bi galdara egongo dira, 1.400 kW-koak (energia berriztagarria);beharrezko energia termiko osoaren %85a baino gehiago ekoiztuko dute.

Bigarren gakoa, berriz, lurpean jarritako hoditeria aurresilatuko sarearen ezaugarri teknikoek osatzen dute;ibilbide osoan beroa ia batere galdu gabe, ekoizpen-puntua sistemarekin konektaturiko eraikin bakoitzarekin konektatuko du. Obrak laster bukatzear izanik, abuztuaren hasiera aldean sistema oro har probatu zuten, eta dena ondo atera zen: energia termikoa sortzea, urbanizazioko bero-sarearen bitartez banaketa-lanak egitea eta okupatuko den lehen eraikinean jarritako ekipoak. Sistema ezin hobeto ibili zen, eta berogailua eta ur beroa eraman zituen higiezineko etxebizitza bakoitzera eta bertako elementu bakoitzera (berogailurako erradiadoreak eta etxeko ur beroaren puntuak).