Lide Amilibia

“Euskal erakundeek eta Euskadiko Gurutze Gorriak iragaitzazko 3.204 migratzaileri lagundu diete”

"Egoera honek behar duen behin betiko soluzioa, neurri handi batean, Europako erakundeek, nazioarteko komunitateak eta estatu, herrialde eta eskualde guztiek ongi programatutako jardun baten bidez iritsiko litzateke"

Martes, 28 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 11:34h.

DONOSTIA. Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak gaur goizean adierazi duenez, "joan den ekainaren 28az geroztik, erakundeek, Euskadiko Gurutze Gorriarekin lankidetzan, iragaitzazko 3.204 migratzaileri lagundu diete Europa iparralderako bidean Euskaditik igarotzean, eta 3.465 ostatu-gau egin dira". Joan den astean, dispositibo horien bitartez, 481 pertsonak jaso zuten laguntza Euskadin. "Gainera, baliabide horiek abian jarri direnetik, 2.687 janari-bale aurreikusi dira, eta azkenean 1.906 eman dira. Halaber, 400 arropa-bale prestatu dira, eta 306 eman dira".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Irungo udalek, Euskadiko Gurutze Gorriak eta Harresiak Apurtuz, Caritas eta CEAR erakundeek osatzen duten Koordinazio Mahaiak bere ohiko lanarekin jarraitzen du, eta astean behin biltzen da kostaldeetara masiboki iritsi ondoren Euskadira itzultzeko agindu batekin etortzen diren eta Estatuan 30 egun baino gutxiago daramatzaten iragaitzazko pertsonentzako larrialdiko aldi baterako harrera-zerbitzuen kudeaketa aztertu eta optimizatzeko.

Gaur egun, Euskadik larrialdiko aldi baterako 213 harrera-plaza ditu, eta honela banatuta daude: 88 plaza Bilbon, 35 Gasteizen, 30 Donostian eta 60 Irunen. Pertsona horiek guztiak horretarako prestatutako ostatuetan hartzeko zeregina Euskadiko Gurutze Gorriak hartu du bere gain, euskal erakundeekiko lankidetza-akordio bati jarraikiz.

Baliabide horien bidez, aholkularitza barnean hartzen duen lehen harreraz gain, ostatua, janaria, edaria eta wifi-sareen bidezko komunikazio-konexioa eskaintzen zaizkie sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonei.

Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak adierazi duenez, "pertsona horiei ostatua eskaintzen zaie beren migrazio-prozesua berrezartzen duten bitartean. Euskadira iritsi diren pertsonen laurdenek gau bakarra eman dute baliabidean. Kalteberatasun bereziko kolektiboak daudela kontuan hartuta (hala nola adingabeak kargura dituzten emakumeak edo eriondoak), beharrezkoa den denboran jarraitzen dute baliabide horietan".

Baliabide horietara iristen diren pertsona guztiei, halaber, osasun-laguntza eskaintzen zaie;hasiera batean Euskadiko Gurutze Gorriko taldeak eskaintzen du, eta, beharrezkoa izanez gero, larrialdietara bideratzen dituzte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin koordinatuta.

"Gaur egun, gatazketatik edo pobrezia larriko egoeretatik ihes egiten duten pertsonen ezohiko migrazio-fluxuek jarraitzen dute. Duela aste batzuk, erakunde arteko mahaia eratu zuten Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Irungo Udalek, Gurutze Gorriak eta hirugarren sektoreko beste erakunde batzuek. Mahai horrek iragaitzazko migratzaileen fluxuari erantzuteko lanean jarraitzen du, eta, horretarako, etengabe aldatzen ari den egoerara egokitzen ditu larrialdietarako baliabideak. Mahaia astean behin biltzen da, eta harremanetan dago etengabe, egoerari aurrea hartzen eta arreta ahalik eta hobekien planifikatu eta antolatzen saiatzeko. Erronka une bakoitzean egoerara egokitzean eta erantzun egokiak eskaintzean datza, eta, horregatik, lankidetza eta elkarlan konstruktibo baterako deia egin nahi dugu", zehaztu du Lide Amilibia sailburuordeak.

"Egoera honek behar duen behin betiko soluzioa, neurri handi batean, Europako erakundeek, nazioarteko komunitateak eta estatu, herrialde eta eskualde guztiek ongi programatutako jardun baten bidez iritsiko litzateke", adierazi du Amilibiak.

"Erakunde arteko mahaiak iragaitzazko migratzaileen etorrerari erantzuteko proposatutako harrera-baliabide guztiak Euskadiko Gurutze Gorriak kudeatzen ditu, mahaian parte hartzen duten erakunde guztien adostasun eta koordinazioarekin, eta kostaldeetara masiboki iritsi diren iragaitzazko pertsonei zuzenduta daude, Gurutze Gorriaren eskutik iritsi diren ala ez kontuan hartu gabe. Berriz ere azpimarratu nahi dut Euskadiko Gurutze Gorriak eta haren boluntario taldeek aurtengo udako iragaitzazko migratzaileei arreta eskaintzen egin duten lan bikaina", gaineratu du Amilibiak.