Euskal jantzien bilakaera hizpide

Zarauzko Euskal Jaiak hurbiltzen ari direla aprobetxatuta, Kultura sailak euskal jantzien inguruan bi saioko hitzaldi-tailer bat antolatu du. Ane Albisuk eskainiko du datorren abuztuaren 31ean eta irailaren 3an

Ane Rotetaren erreportajea - Domingo, 26 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Hurbiltzen ari da Zarauzko Euskal Jaien Eguna, zarauztarrek horren kuttuna duten jaia. Egun horretan euskal traje tradizionala jantzita ateratzen dira kalera zarauztar eta bisitariak festaz gozatzeko prest. Baina, nola jantzi behar da trajea tradizioari eusteko? Azken urte hauetan asko dira gaur egungo janzkera kritika-tzen dutenak, ohitura eta tradizioa alde batera utzi direla argudiatuz.

Zarauzko Udaleko Kultura sailak, hain zuzen ere, gai hori ardatz hartuta bi saioko hitzaldi-tailer bat antolatu du datorren abuztuaren 31 eta irailaren 3rako, Ikerfolkeko kide eta Atondu liburuaren egilea den Ane Albisu Iriarteren eskutik. Bi saioak arratsaldeko 17.00etatik 19.00etara eskainiko dira eta erabat doakoa izango da. Kultura sailetik jakinarazi dutenez, plaza mugatuak dira;beraz, interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute kultura@zarautz.eus-era idatzita edo 943 005 120 telefonora deituta.

Ezjakintasun handia

Ane Albisuk egunkari honi azaldu dionez, tailerrean “Euskal Jaietan baserritarren tankeran janzteko ohituraren erroetara joango gara eta ondorengo urteetan gertatutakoa aztertuko dugu, gaur egungo joeren hausnarketarekin eta har litezkeen jarrerak ikusiz”. Zentzu horretan, inon irakasten ez den gure kulturaren arloa denez, gaiaren inguruan orokorrean “ezjakintasun” handia dagoela iritzi dio saioaren gidariak: “Ikerketa gutxi dago eta zabaltzeko aukera ere txikia da. Beraz, ikerketa lan baten ondoren eginiko proposamen bat jasotzeko aukera izango dute zarauztarrek”.

Euskal jantziaren bilakaerari dagokionez, gai hori labur adieraztea zaila dela dio Albisuk, baina azken finean, “gure baserritar eta arran-tzaleek XX. mendearen hasiera arte janzten zuten moduak oso bilakaera geldoa zuen eta modaren zurrunbilotik at zegoen neurri handi batean. Guk janzten ditugunak, ordea, zeharo modari loturik daude”. Hain zuzen ere, “janzteko modua, atontzea” da galdu zena, eta Ikerfolkeko jantzi sailekoek hori berreskuratzeko eta zabaltzeko helburua izan zuten duela 26 urte beren proiektuari Atondu izena eman ziotenean. Ondoren, berak idatzitako liburuari ere izen bera eman zion.

“Tailerraren muina izango da janzteko modua. Ni ez naiz nor zer eta nola jantzi behar den esateko baina, egitekotan, proposamen bat egingo nuke: hasi burutik janzten. Txapela edota zapia dira gure bereizgarririk esanguratsuenak geure ustetan”, dio amaitzeko.