Europarako bidean Euskadin gelditzen diren pertsonentzako baliabide berri bat sortzeko lanean

Viernes, 24 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 12:03h.

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako Bozeramaileak, gaurkotasun politikoaren inguruko azalpenak eman ditu gaur goizean. Kazetariek migrazioari buruz galdetu diotenean, Josu Erkorekak adierazi du erakundeak eta elkarteak lanean ari direla Europarako bidean Euskadin gelditzen diren pertsonentzako baliabide berri bat sortzeko. "Bizkaian sortuko da, eta babes berezia behar duten etorkinak hartzea izango du helburu (haurdun dauden emakumeak, gaixorik dauden pertsonak eta abar)", azaldu du sailburuak.

Halaber, Franco diktadorea hobitik ateratzeari dagokionez, Erkorekak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza diktadorea Eroritakoen Haraneko hobitik ateratzeko erabakiaren alde dagoela. "Haren gorpuak ezin du inolako gorespenik eta omenaldirik jaso", zehaztu du. Erkoreka bozeramaileak gaineratu duenez, "egiteko moduari buruzko eztabaidak azken helburua ez zikintzea gustatuko litzaiguke".

Bestalde, geratzen diren transferentziei dagokienez, Erkoreka sailburuak azaldu du urte politiko berria hastean Gobernu zentralak egutegi bat landu behar duela geratzen diren eskumen guztiak eskualdatzeko. Adierazi duenez, espetxeen inguruko transferentzia inolako arazorik gabe egin daiteke, aurrekariak eta araudi garbia kontuan hartuta, baina zailtasun teknikoak daude Gizarte Segurantzaren transferentzia egiteko.

Azkenik, Autogobernu Ponentziari dagokionez, Erkorekak adierazi du Eusko Jaurlaritzak ahalik eta akordiorik zabalena espero duela, eta hori lortzeko lanean ari dela beti.