kultura

Etxebestetarrak, berriro ere

‘agur etxebeste!’ pelikula filmatzen hasiko dira asier altuna eta telmo esnal zuzendariak astelehenean bergaran, sei asteko lanari hasiera emanez

“Aupa Etxebeste!’-k zapore oso ona utzi zuen. Ahal dela, saiatuko gara pelikula hobea egiten” “Ilusio handia da guretzat, aktore bezala, ekipo berarekin berriro lan egitea” “Nigan oinarritutako pertsonaia idatzi dute. Esfortzu askorik gabe antzeztuko dut” “Filmaketarekin urduri xamar nago orain dela lau urte filmerik egiten ez dudalako”

Harri Fernándezen erreportajea. Javi Colmeneroren argazkia - Viernes, 24 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

hamalau urte pasa dira Aupa Etxebeste! komedia zinemetan estreinatu zenetik. Astelehenean hasiko da Agur Etxebeste! film luzearen grabaketa, orain dela hamalau urteko talde tekniko eta artistiko berarekin: Asier Altuna eta Telmo Esnal daude zuzendaritzan, eta Ramon Agirrek, Elena Iruretak, Iban Garatek eta Pako Sagarzazuk Etxebestetarren azala jantziko dute kameraren aurrean. Pelikularen filmaketa hasiera aurkeztu zuten atzo Tabakalerako zinema aretoan eta arduradunek argi utzi nahi izan zuten filma ez dela “bigarren zati bat” izango, “pelikula berria” baizik. Bergaran hasiko da astelehenean sei aste iraungo duen grabaketa -horietako bi platoan igaroko dituzte-.

Irusoin ekoiztetxeko zuzendari Iñaki Gomezek aurreko filmeko esperientzia ekarri zuen gogora: “Oso polita izan zen. Lehen aldia zen zinema aretoetan euskarazko pelikula bat ikusteko aukera zegoela”. Handia filma iritsi arte euskarazko luzerik ikusiena zen Aupa Etxebeste!, onarpen sozial zabala izan zuena: Donostiako Zinemaldiko Publikoaren Saria jaso zuen (2005), hamaika astez zinema aretoetan izan zen eta 72.000 ikusleek ezagutu zituzten Etxebestetarren opor sekretuak. Oraingoan, aurreko filmeko amaierari “tiraka” edo, “gidoi sendo bat” osatu dute Altunak, Esnalek eta Nagore Aranburuk. “Lan gogorra eta lan ona egin dute”, baieztatu zuen Gomezek ezbairik gabe.

Agur Etxebeste!-ren gertakizunei dagokionez, Patrizio Etxebeste (Ramon Agirre) herriko alkate izateari uztera behartuta egongo da “osasun arazoengatik”. Agintea ez galtzearren, ordea, bere emazte Maria Luisaren (Elena Irureta) esku utziko du alkatetza, baina honek Udaleko funtzionamendua goitik behera aldatuko du eta, ondorioz, bikotearen erlazioan liskarrak sortuko dira. Ez hori bakarrik, zuzendariek aditzera eman zutenez, azken hamar urteetan gizarteak jasandako aldaketek ere isla izango dute filmean.

Aurrekoarekin egin zuten bezala, egoera-komedia landuko dute, oraingoan ere: “Ezberdinak dira, baina esango nuke egiten ari garen gidoien irakurketetan aurreko filmarekin baino barre gehiago egiten ari naizela”, esan zuen Esnalek. Altunak, bere aldetik, Aupa Etxebeste!-rekin “zinema mantsoagoa” egin nahi izan zutela aitortu zuen: “Orain ere zinema ona egin nahi dugu, baina hasieratik komedia bat egin nahi izan dugu”.

“gozamena” Filmeko antzezlari nagusiak kontent agertu ziren berriro elkarrekin lan egiteagatik. Iruretak proiektu honetan parte hartzea “ilusio handia” egiten ziola esan zuen. Ramón Agirreren ustez Etxebestetarren lehenengo filmak “zapore oso ona utzi zuen” gizartean. Aurrekoa baino “pelikula hobea” egiten saiatuko direla onartu zuen, horretarako “osagaiak” dituztelako.

Iban Garateren kasuan, bere lehen filma izan zen Aupa Etxebeste!Atzo gogora ekarri zuen orain dela hamalau urte ETBko korridore batean nola Asier Altuna hurreratu zitzaion familiaren semearen papera -Iñaki- eskaintzeko. Orduan, orain bezalaxe, “urduri xamar” zegoen: “Urduri nago orain dela lau urte ez dudalako filmik egiten”.

Paco Sagarzazuk bere pertsonaiarekin -Luziano- gidoilariek asmatu dutela adierazi zuen. “Pertsonaia ni neu bilakatu dute”, adierazi zuen umore handiz, gerora azaltzeko idazleek bere izaeran oinarritutako papera idatzi dutela eta, beraz, “esfortzurik gabe” egingo duela lan, astelehenetik aurrera.