Ibarrako merkatariek botako dute bihar San Bartolome festetako suziria

Ibarra, Zizurkil eta Villabonako erraldoi eta buruhandien konpartsek kalejira egingo dute txupinazoaren ostean

Marta San Sebastian - Miércoles, 22 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Ibarra - Ate joka dira Ibarran Sanbartolomeak. Bihar, ostegunarekin, hasiko dira herriko festak eta bost egunez luzatuko dira jaiak, astelehenan ospatuko den kuadrilen egunarekin amaituz. Aurtengoan Ibarrako Merkatari Elkarteko kideek izango dute bihar 12.00etan txupinazoa jaurtitzeko ohorea, eta erraldoien eta buruhandien konpartsarekin batera Bartolo eta Bartolaren jaitsierak iragarriko du ofizialki jaiak hasi direla.

Txupinazoa jaurti aurretik, ordea, ohikoa den moduan XXX. San Bartolome bozeto lehiaketako sari-banaketa egingo da plazan bertan eta festa-girora haur eta gaztetxoen kuadrilak bilduko dira, 11.45ak inguruan. Jaia lehertu ondoren, Ibarra, Zizurkil eta Villabonako erraldoi eta buruhandien konpartsarekin batera, haur eta gaztetxoen koadrilen kalejira izango da, eta merkatariek hamaiketakoa eskainiko dute plazan.

Lehen egun honetan, gainera, haurren eta gaztetxoen bazkaria egingo dute San Bartolome plazan, herriko gurasoek antolatuta. Ondoren, Txiribitu Astialdi taldearen eskutik jokoak izango dira haurrentzat eta Ibarrako, Zizurkilgo eta Villabonako erraldoien eta buruhandien konpartsak arratsaldean ere kalejira egingo dute herrian zehar.

Arratsaldean, 19.00etan, San Bartolome bezperako kanpai-jotzea eta salbea izango dira San Bartolome elizan eta ordu berean poteo musikatua eta brindisa hasiko dira.

Lehen jai egunean elkartasun afaria ere izango da ohitura den moduan, herriko plazan. Aurten ere ez du hutsik egingo zezensuzkoak. Ibarrako Udaletik gogoratu dute parte hartuz gero, balio handirik gabeko eta sintetikoa ez den arropa ekartzea gomendatzen dutela, zezensuzkoaren txinpartekin erre baitaiteke.

Gau giroa pizteko, musika ezinbestekoa izango da. Humus eta Soziedad Alkoholika taldeek kon-tzertua eskainiko dute 23.30ean hasita. Musika emanaldiek pisu handia izango dute San Bartolome jaietako egitarauan. Horrela, ostiralean Kupela taldea eta Laket arituko dira;larunbatean Errukirik gabe, Oztopo eta Iratzar;igandean Gabezin;eta astelehenean Zesuma taldearekin dantzaldia izango da.

Bost eguneko egitaraua San Bartolome eguna ostiralean ospatuko dute ibartarrek. Meza nagusia, haurren danborrada eta helduena, bertso jaialdia eta bestelako ekitaldiak izango dira, baina eguneko ekitaldirik nabarmenena pipar eta tomate dastaketa izaten da. Herriko baratzezainek, Zubelzu Piparrak etxeak, Ibarlur Piparra Kooperatibak eta Txumitxak eskaini eta zerbitzatuko dituzte platerak 12.00etatik aurrera.

Asteburuan ekitaldi mordoa izango da Ibarran, adin eta gustu guztientzat pentsatuak. Larunbatean, asaterako, Hauspoa Kultur Elkartearen festa herrikoia antolatu du herriko kaleetan zehar, 11.00etatik aurrera eta txeko-jatea eta soka-dantza ere izango dira.

Igandea kirolari eskainitako eguna izango da. 3x3 futbola, toka eta bola txapelketak, pilota partidak, auzoen arteko sokatira lehiaketa herrikoia eta beste izango dira.

Ohitura den moduan, San Bartolome jaiei amaiera emateko, astelehenean, azken egunean, kuadrillen eguna ospatuko da.

bIHARKO EGITARAUA

11.30. XXX. San Bartolome bozeto lehiaketako eta III. Diseinu lehiaketako sari-banaketa plazan.

12.00. Suziri jaurtiketa eta Bartola eta Bartoloren jaitsiera. Ondoren, Ibarrako, Zizurkilgo eta Villabonako erraldoien eta buruhandien konpartsa eta merkatarien hamaiketakoa.

14.00. Haurren bazkaria.

16.00. Haurrentzako jokoak.

18.00. Ibarrako, Zizurkilgo eta Villabonako erraldoien eta buruhandien konpartsa.

19.00. San Bartolome bezperako kanpaiak eta salbea elizan.

19.00. Poteo musikatua eta brindisa.

21.00. Elkartasun afaria.

22.30. Zezensuzkoa.

23.30. Humus eta Soziedad Alkoholika taldeak plazan.