Ekilibrista eta akrobata ikasleak

zirika zirkuseko tailerrak jendetza erakarri zuen atzo intxaurrondon

Marta Hidalgoren erreportajea. Argazkiak Esti Veintemillas - Sábado, 18 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

intxaurrondo auzoa akrobata eta orekari fabrika bihurtu zen atzo. Donostiako txoko guztietako familiak hurbildu ziren Zirika Zirkusek antolatutako tailerrera. Bi urteko haurretatik hasi eta hamasei urte bitarteko gazteek zirkoko hainbat alorretako jarduerak probatu eta ikasi zituzten. Batek daki, agian baten bati etorkizuneko ofizioa aurkitzen lagunduko zion atzo Donostiako Aste Nagusiak antolatutako tailerrak.

Batzuk besteak baino trebeagoak izan arren, ekitaldian ez zen lehiarik egon: bakoitzak bere buruarekin edo bere lagunekin jolasteko aukera paregabea izan zuen. Zirika Zirkuseko animatzaileen laguntzarekin, oreka joko, koordinatze frogak edota akrobaziak landu zituzten Sagastiederren bildu ziren haurrek. Gurasoek ere, argazkiak eginez eta ariketetan parte hartuz disfrutatu zuten, zirko musika tradizionalaren erritmoarekin.

Erriberetatik espresuki zirkora etorrita, bi urte eta erdiko Markelen aita korrika ibili zen semearen atzetik salto eta oztopoen artean. Markelen moduan, beste hainbat berritzailek ere haien kabuz erabili zuten materiala: salto egin beharrean eraztunak hartu zituzten eta hula hoop-a aldakan jarri beharrean, beso batetik bestera pasatu zuten. Guztia zegoen onartuta tailerrean, segurua eta dibertigarria izanez gero.

Bazeuden baita eskarmentua zutenak ere. Hori zen hamahiru urteko Erikaren kasua, “trapezioetan eta zirko oihaletan” aritutakoa tailerrera iritsi baino lehen. Hala ere, Egiatik hurbildu zen “tailerra nolakoa zen jakiteko”.

Zazpi urteko Carolinaren izebak, Intxaurrondon bizi dena, antolatzaileen “profesionaltasuna” azpimarratu zuen “umeen mailan jartzeko ahalmen handia” erakutsi zutelako tailerrean hasieratik. Aste Nagusia Erdialdetik auzoetara zabaltzeko saioa ere baloratu zuen: “Intxaurrondo eta beste auzoak Donostiako parte dira baita ere”.

Atzokoa benetako partaidetza zirkoa izan zen. Ipurdiz erortzeak, oreka ez izateak edota hula hoop-a dantzatzen ez jakiteak ez zuen irribarre, oihu eta kolorez betetako arratsaldea zapuztea lortu.