Erraldoiek hiria hartu dute

Jendetza atzo Amara Berriko kaleetan erraldoi eta buruhandiekin.
Kaldereroen buruhandian neska bat jotzen. (Javi Colmenero)
Bi gaztetxo buruhandiarekin argazkia ateratzen.
Itzurun konpartsako erraldoi eta buruhandiak Amara Berrin, ehunka jarraitzaile inguruan dituzela

Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak konkistatuta, auzoetara salto egin dute Aste Nagusian Itzurun konpartsako buruhandi eta erraldoiek. Atzetik ehunka jarraitzaile leial eramanda, atzo Amara Berriko kaleak itxuraldatu zituzten.

A. Zabaletaren erreportajea. Argazkiak J. Colmenero - Viernes, 17 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Fan klub ofizialik ez dute izango, baina ehunka jarraitzaile bai, eta guztiak atzetik daramatzate egun hauetan auzoz auzo. Itzurun konpartsako erraldoi eta buruhandiak Amara Berrin izan ziren atzo eta haien atzetik ume, gazte eta helduek bete zituzten kaleak.

“Eguneroko hitzordua da aste honetan”, kontatu zuten Pasai Antxotik etorritako Iker eta Garazi bikien gurasoek. “Ni ez naiz eskapa-tzen, buruhandiek ez didate beldurrik ematen”, esan zuen serio Ikerrek, zazpi urtekoa. Etxean buruhandi bat ere badaukatela kontatu zuten, elefante baten eta Tartaloren itxurarekin: “San Telmon ere izan gara goizean erraldoiak ikusten”.

Jarraitzaile sutsuak dira, baita ere, Eneko eta Peio, Grosekoak. Duela egun batzuk lurrean maskuri bat topatu zuen Enekok eta harekin egiten du lo ordutik. Aitaren sorbaldaren gainetik ikusi zituen atzo lagunak korrika buruhandien aurretik.

Aita Donostia plazatik abiatu eta Aitzol parkean geldialdia egin zuten guztiek. Erraldoiek deskantsatzen zuten bitartean, umeek haiekin argazkiak ateratzeko aukera ez zuten galdu. Aurrean, buruhandiek egin zuten dantza borobilean. Bukatzean, ordea, korrika atera ziren bat-batean inguruan bildutako gaztetxoen bila. Batzuk korrika, eta besteak geldirik. “Ez dute minik ematen”, zioen sei urteko Kepak danborjolearen buruhandiak jotzen zuen bitartean.

“50 urte ziren buruhandi batek azkenekoz jo ninduela”, aitortu zuen Loiolako Erriberetako Juanjo beteranoak. Yolanda emaztearekin eta Urtzi bilobarekin joan ziren atzo Amara Berrira erraldoiekin dantza-tzera. 20 hilabeteko umeak urrutitik begiratzen zien, apur bat beldurtuta, baina aiton-amonak disfrutatzen ari ziren. “Biloba, berez, aitzakia da, niri izugarri gustatzen zaizkit erraldoiak, nola dantzatzen duten ikustea bereziki”, onartu zuen Yolandak.

Itzurun konpartsako kideek azken urteotan aldaketa nabaritu dutela onartu zuten eta gero eta gehiago direla haiekin kalera ateratzen diren gaztetxoak. Eta egunero-egunero haiekin korrika dabiltzan batzuk jada ezagunak dituzte. Ume askok etxean dituzte erraldoi eta buruhandi txikiak eta zaletasuna handitzen ari omen da. “Hala jarrai dezala”, zioten atzo konpartsako kideek, pozik.

Antiguako kaleak zeharkatuko dituzte gaur Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako lau bikote erraldoiek eta Donostiako festak irudikatzen dituzten hamalau buruhandiek. Bihar, berriz, Parte Zaharra eta Erdialdea bisitatu ondoren, Konstituzio plazan Union Artesanarekin Aste Nagusiaren agur erraldoi eta berezian hartuko dute parte.

Secciones