San Bartolomeko elizaren hormak eraitsi eta berriro eraikitzeko baimena eman da

Hotela egiteko obra urtarrilean egin zen enpresa eraikitzaileak elizaren hormen zati bat eraitsi zuelako

Miércoles, 8 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 19:38h.

Tokiko Gobernu Batzordeak adostu du, baimena ematea San Bartolome elizako gurutze latindarraren trazako hormak eraisteko eta berriro eraikitzeko. Donostiako alkate Eneko Goiak honakoa adierazi du: "Behin udal arkitektoek hiru enpresa espezializatuen txostenak aztertuta, gomendioa da hormak eraistea eta berriro eraikitzea, betiere PEPPUC-aren fitxan ezarritakoa errespetatuz". Adierazpenok egin ditu Tokiko Gobernu Batzordearen osteko ohiko prentsaurrekoan.

Eta fitxa horrek honakoa ezartzen du: Elementu edo fatxadako zati iraunkorrak kontserbatu edo zaharberritu behar dira, besteak beste, harlanduzko lanak, dorreak, apaintzeko elementuak eta erliebeak. Baita gurutzea, hilarria, eskulturak eta elizatea osatzen duten gainerako elementuak ere.

Era berean, Tokiko Gobernu Batzordeak baimena eman du aldaketa txiki bat egiteko, leihoak erabilera berrira egokitzeko, betiere, aipatutako leihoen multzoaren jatorrizko zatiketa, arrosa leihoaren banaketa erradiala eta beheko leihoetako lauki-sarea errespetatuz, baita ate handia, burdin hesia eta iparraldeko fatxadako ate nagusia ere.

Eraikuntzaren enpresa-sustatzaileak, halaber, aparkalekuen zuzkidura justifikatu beharko du. Izan ere, 61 plaza izatetik 62 plaza izatera pasako da, gela kopurua 122tik 123ra pasako delako. Eta gainera, lursail horretarako Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorrak aurreikusten dituen bizikletentzako aparkaleku kopurua bete beharko du.

Horrenbestez, San Bartolomeko goiko zatiaren urbanizazioa amaitzeko lanek jarraitu ahal izango dute. Gogoan izan, lan hauek urtarrilean gelditu zirela enpresa eraikitzaileak elizaren hainbat horma eraitsi zituelako.

Urumea

Urumea ibaiko uholdeetatik babesteko proiektua, ekaitz- tanga eta ur beltzen ponpaketa- putzuaren proiektuak martxan jarraitzen du eta bigarren fase batean sartzen da orain. Tokiko Gobernu Batzordeak hitzarmena onartu du eta Invektra XXI, S.L.-k duen Urumea ibaiko erriberan kokatuta dagoen lursail zatiaren 351,93 m2 eskuratuko ditu. Eta lursail hauek obra hidraulikoak egiteko erabiliko dira.

Haurren babesgabetasunaren zerbitzua

Tokiko Gobernu Batzordeak haurren babesgabetasuna prebenitzeko detekzio eta esku- hartze goiztiarrerako zerbitzuaren lehenengo aldaketa onartu du. Zerbitzu hau GIZAKIMENAK S.L. enpresak ematen du eta aurrekontua 22.018,52 euro igoko da. Ondorioz, urteko 341.287,34 euroko aurrekontua izango du.

Euskara zerbitzua

Tokiko Gobernu Batzordeak Euskara zerbitzuak proposatutako erabaki hauek hartu ditu: Donostiako Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren 6. plangintza aldia onestea;Donostian erroldatuta dauden langabetuentzako euskara ikastaroak antolatzeko euskaltegiei diru laguntzak emateko oinarriak onartzea (38.000€ ko diru laguntza);eta Gipuzkoako Bertsozale elkarteari 22.000€-ko laguntza ematea, "Gu ere bertsotan" elkarte honek duen proiektuaren kostua finantzatzeko.