Leku murritza Donostiako kaian, giro oparoa Piraten jaian

Donostiako Piratak eta hamabi kofradien ordezkariak, atzo kaian.

lonjaren berrikuntza lanak izan arren, festak aurrera egingo du guneen artean aldaketa batzuk burutuz, jendearen segurtasuna bermatu ahal izateko

Gorka Martinezen erreportajea. Ruben Plazaren argazkia - Jueves, 2 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusiko egitaraua eta nobedadeak aurkeztu zituzten atzo kaian emandako prentsaurrekoan. Kaia, jaia eta iraultza alaia lelopean kaiaren eremua aldarrikatu nahi izan dute Piratek, urtero hura erabiltzeko izan dituzten oztopoak gogora ekarrita. Piratekin batera, aurtengo jaietan parte hartuko duten kofradiek haien egitarauak aurkeztu zituzten eta kazetarien galderak ez zituzten onartu.

Nobedadeen artean, lonjaren berrikuntza lanak direla eta, gune batzuk aldatu behar izan dituzte jendearen segurtasuna bermatu ahal izateko. Aldaketa jasango dutenak Lasta gunea eta Flamenka gunea izango dira. Lehenengoa desagertu egingo da eta leku horretan Flamenka gunea jarriko da, txosna bat eta eszenatoki txiki bat izango duena. Dena den, kontzertuen eszenatokia urtero ospatzen diren leku berean mantenduko da.

Abordaiak ere zenbait aldaketa jasango ditu. Aurtengo edizioa abuztuaren 13an, astelehena, ospatuko da eta berrikuntza nabarmenena baltsa montatzeko ordutegia izango da. Aurreko urteetan 8.00tan hasten bazen, aurten 10.00etan hasiko da eta 14.00tan bukatu. Horrez gain, lehenengo aldiz eguneko bazkaria Flamenka gunean egingo da.

Bestetik, Donostiako Piratek feminismoaren aldeko aldarrikapena egin zuten jai gune aske bat eraiki nahi dutela eta sexo erasorik ez dutela onartuko adierazita. Gainera, sakelako telefonoa prest izango dute. Hortaz, norbaitek erasoren bat jasango balu 664 164 408 zenbakira deitu dezake edo Flamenka gunetik gertu egongo den Puntu Morea izeneko gune berrira joan, 23.30tik 04.00etara irekita egongo dena. Musika taldeei erreparatuz gero, 15tik hamaikak emakumeen presentzia izango dutela azaldu zuten.

Aurten festetan hamabi kofradiak hartuko dute parte eta bakoitzak ekimen bat egingo du. Adibidez, Aingura Kofradiak 16an bizikleta-martxa antolatuko du eta Pirata Bihurriek haurrentzat Aste Pirata prestatuko dute.

Secciones