Karpa baten magia

Iker Galartza eta Joseba Usabiaga aktoreek gidatuta, musika, dantza,antzerkia, magia eta akrobaziak batzen ditu Gure Zirkuak. Bihar arte,Zarautzen du geralekua Euskal Herriko lehen zirku ibiltariak 

ETXAHUN GONZALEZ - Martes, 31 de Julio de 2018 - Actualizado a las 16:24h.

HILABETE askoko lanaren ondoren, herriz herri dabil Gure Zirkua. Poxpolo pailazoa (Iker Galartza, Goenkale, Vaya Semanita, Poxpolo eta konpainia) eta Don Martin (Joseba Usabiaga, Goenkale, Handia) aurkezlea gidari direla, karpa barruan martxan dira lurreko eta aireko akrobaziak, malabareak, kontorsioa, zuzeneko musika, magia, labana jaurtitzailea… Izan ere, lehen zirku euskaldunak iturri askotatik edaten du, zirku handiek duten erritmoarekin, baina zirku txikiek duten goxotasun eta gertutasunarekin.

Nola ez, zirkua benetakoa izan dadin, atarian palomitak eta edari freskoak ez dira falta, ezta ere karparen inguruan lotarako karabanak eta furgonetak, makillajerako txokoak, komunak eta arropaz aldatzeko kamerinoak… Ekainean bidea hasi zuenetik, atsedenik gabe ari da Gure Zirkua osatzen duen artista taldea, hara eta hona, Euskal Herri osoan zehar. Adi ibili, beraz, datozen egunetan Zirkua badator! mikrofono hotsa leihotik entzuten baduzu.

EUSKARA HUTSEAN Lehen euskal zirku ibiltariak ekainean abiatu zuen bere lehen bira eta uda osoa darama Euskal Herrian barrena emanaldiak eskainiz. Eta dena gure hizkuntzan. Euskara hutsean egiten den lehen zirku ibiltaria baita Gure Zirkua. “Batzuek galdetzen dute: euskaraz al da zirkua?, zoritxarreko izango balira bezala. Guk beti erantzuten dugu: Hala da bai, zorionez”, dio Iker Galartzak, Gure Zirkuko Poxpolo pailazoak.

Hala ere, zirkuak ez dizkio ateak inori ixten: “Inondik inora ere. Ingelesak, eskoziarrak edota katalanak izan dira gure ikuskizunean eta arratsalde atsegina pasa dutela esan digute”, kontatu du Galartzak. Izan ere, bere esanetan, zirkua internazionala da. “Pailazoek euskaraz eskatuko dituzte boluntarioak eta txarteldegikoak euskaraz agurtuko zaitu, zirkua osatzen dugunon hizkuntza euskara delako. Euskaraz ulertzen ez dutenei, ordea, ulertzen duten hizkuntzan egiten saiatuko gara, eta ez badakigu, keinu bidez konponduko gara. Akrobataz, magiaz eta gainerako guztiaz hizkuntza unibertsalean gozatuko dugu guztiok”, gaineratu du Galartzak.

Tronpeta eta txirularen musika lagun, ongietorria egin digu akrobatak, soka gainean aurreskua dantzatuz. Aurrerago ere entzun ditugu Xabier Leteren Habanera eta Mikel Laboaren koplak. Tartean zur eta lur utzi gaitu magoak eskapismoarekin, barre egin dugu Poxpolo eta Don Martinen arteko elkarrizketekin eta jendaurrera irteteko urduritasuna ere sentitu dugu. Ordu eta erdi luzeko ikuskizuna motz geratu zaigu, baina konturatzerako Erromako eta Greziako antzinako herentzia jaso dugu, ohitura zaharra gaurkotu dugu, Gure Zirkuak antzinako arte eder hau “egi bihurtu eta modernizatu baitigu.

HERRIZ HERRI Amezketan, Aian, Ordizian, Zumaian, Ondarroan, Gorlizen eta orain Zarautzen. Hiri handiak ohituta egongo dira zirkua haiekin izaten, baina herrietan ez da ohikoena izaten. Hala ere, “harrera izugarria” izan du Gure Zirkuak. Bi asteko egonaldiak egiten ditu ikuskizunak eta sarrerak agortuta dioen kartela eskegi behar izan dute hainbat eta hainbatetan. Egia esan, ez da karpa erraldoia, baina lagun dezente kabitzen dira: 260 pertsonarentzako eserlekuak daude toldo gorri, berde eta horipean. Sarrera hamabi euro. “Harrituta gaude, izugarri pozik, batez ere, aurrera goazelako. Hiru hilabeteko bidaia bete dugu dagoeneko eta zirkua behin eta berriz betetzen ari gara. Jendea pozik irteten den seinale”, uste du Iker Galartzak.

BATZEN GAITUENA Gure Zirkua du izena, ikuskizuna artistena eta ikusleena delako. “Jendeak bere sentitzen du zirkua, bere herriko artistak garelako. Sarritan atzerriarekin lotzen dugu zirkua, nahi gabe, urrunetik datorren horretara ohituta gaudelako. Gure aurkezleak, ordea, ez du Dimitri izena, Garazi, Iraitz, Ekain, Ibon, Unai, Irati, Ane Miren, Iker, Elene edo Joseba baizik. Horrek ez du esan nahi atzerritarrik ezin denik batu gure ikuskizunera. Zirkua aberatsago egingo duen norbait aurkezten bazaigu, berak ere bere sentituko du ikuskizuna eta ongi etorria izango da. Abiapuntua, baina, hori da”, dio Galartzak. Gure Zirkua zirku ibiltaria izateaz gain, zirkuko euskal artistentzako topagunea ere bada. Hainbat diziplinatako euskal artistek bat egin dute bertan. Hala, Euskal Herriko zirku artistentzako erakustoki bat ere bada.

Sare sozialetan erantzun zabala izan du ikuskizunak. Irakurri ditugun hitzen artean, polita, zoragarria, goxoa, txukuna eta xarmanta nabarmentzen dira. “Horiek zirkua oso gurea dela pentsarazten digu”, azaldu du Galartzak. Eta ezin beste era batera izan: “Gure kulturaren maitaleak gara eta gure kulturari ertz guztietatik heldu nahi izan diogu zirkuan”. DIRU-

LAGUNTZARIK GABE Dirulaguntzez galdetu duenean, Eusko Jaurlaritzan hutsune handi bat dagoela jabetu da Galartza. “Arte eszenikoentzat bai, baina zirkuarentzat ez”. Harriduraz hartu zuen erantzuna zirkuaren sortzaileak. “Gurea ez al da arte eszeniko bat? Ez al da proposamen kultural bat?”, bota du galdera. Ez dute halako aitorpenik jaso erakundeen aldetik, zirkuko langileek azoka saltzaile eta txurro saltzaileen talde berean sinatzen baitituzte kontratuak. “Saltzaile horiekiko errespetu guztiarekin diot, txurroak izugarri gogoko ditut eta, baina antzerkia, musika eta dantza biltzen dituen ikuskizuna kultura ez bada, ez dakit nora goazen” salatu du Galartzak.

Egoera kezkagarria dela dio aktoreak, sarritan kultura bera zer den ere definitzen zailtasunak baititugu. Taldearen ilusioa eta gogoa, ordea, sasi guzti horien guztien gainetik daudela erakutsi digu Gure Zirkuko lan-taldeak: “Gogoan ditut hasierako bilera horiek. Zer da transmititu nahi duguna?, galdetzen genion geure buruari. Gu geu garena da erantzuna”, azaldu du Galartzak.

Familia, lantaldea eta adiskidetasuna izan daitezke Gure Zirkuko artisten batasuna deskribatzeko hitzak. “Guk ez dugu koltxonetak ateratzen dizkigun morroirik. Magoak bere lana bukatzen duenean, behar dituenak prestatuko dizkio trapezistari. Bati ura lurrera erortzen bazaio, pailazoak sikatuko dio. Zirkuko artistarik handienak ez du arazorik belauniko jartzeko eta kideari laguntzeko. Ikuskizunak guretzat suposatzen duena publikoari transmititzeko kapaz garela uste dut, eta hor dago gakoa”, dio Galartzak.

Artisten arteko elkarlana ez da entseguetara eta ikuskizunera bakarrik mugatzen. Lesioak ere gertatzen dira, lanak nekea sortzen du, eta elkarren arteko zaintza ezinbestekoa da prozesu guztian. Matxurak eta konpontzekoak ere hor daude: bonbillak aldatu, energia sorgailua mantendu, karpa eta materiala zaindu… Izan ere, zirku ibiltaria aktoreen etxea ere izaten ari da azken hilabeteetan. “Karabana eta furgonetetan elkarrekin bizi gara. Jatekoa prestatu beharra dago, arropak garbitu, materiala muntatu eta jaso... Esperientzia aberasgarria izaten ari da oso”, dio Galartzak.

Baina guztia ez da lana izango. Zirkuak atseden ematen dienean, gure artistek ez dute aspertzeko astirik: “Atsedena atseden hartzeko da, noski, baina baita gozatzeko ere. Bisitatzen ditugun herriak ezagutzen saiatzen gara: herriko tabernak, bertako jendea, janaria... Eta hondartza baldin badago, uretara!”. Jakin badakigu, kafetxo eta garagardoen artean ere harremanak sendotzen direla.