Cartas a la Dirección

Eskerrik asko

Maialen Begiristain eta Ione San Ildefonso Eleak Libre Mugimendua - Martes, 31 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Euskal gazteriaren aurkako Espainiako Estatuaren errepresioaren erdian, 2014ko irailaren 22an, Loiolako Basilikaren eskalinatan Herri Harresia egin genuen, epaiketara aurkeztu ez ziren bost euskal gazteak babesteko asmoz. Bertan izan ziren, beste ehunka herritarren moduan, Ertzaintzaren salaketaren ondorioz 23.663 euro ordaintzera zigortu dituzten Esteban Orbegozo azpeitiarra eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra.

Jaurlaritzak ez zekien nola aurre egin desobedientzian eta ez-biolen-tzian oinarriturik garai hartan ugaritzen ari ziren dinamika herritarrei eta, bereziki, Aske Gune eta Herri Harresiei.

Desobedientzia ez-biolentoaren aurkako benetako mendekua izan da, beraz, Loiolako sententzia. Baina alferrikakoa, eskubide zibil eta politikoen defentsan, desobedientziari eutsiko baitiogu etorkizunean ere.

Honen aurrean, beldurra galdu eta neurri hauen aurka borrokatzera animatu dugu euskal jendartea. Eta hala egin ere, Euskal Herrian elkartasun sare laranja zabalduz.

Hamaika izan dira sortu diren elkartasun ekimenak, Ormaiztegin, Azpeitin, Donostian, Gasteizen, Gabirin, Eibarren, Zurukuainen … Tokian toki Esteban eta Beñatekiko elkartasunez eta guztion eskubide zibil eta politikoen defentsan lan eginez.

Jaurlaritzaren mendekua goseari, gure eskubideak defendatuz eran-tzun diogu. Guztiz zilegi zen desobedientziaren aurkako zigorrari, elkartasunez eta konpromisoz erantzun diogu. Jaurlaritzaren zigorrean mendekua nagusi den bitartean, herriz herri antolaturiko ekimenetan elkartasuna da nagusi, irribarrea, konpromisoa, eskubide zibil eta politikoen aldeko lana, babesa, herriaren indarra … eta horrela zerrenda luzea egiten jarrai genezake, baina horietako bi azpimarratu nahi ditugu. Elkartasun eta konpromisoa.

Elkartasuna eta konpromisoa izan dira eta dira gure armarik eraginkorrenak, horiei esker lortu baitugu Beñat eta Estebanen zigorra ordain-tzea. Baina ez hori bakarrik, horiei esker zabaldu dugu eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarria Euskal Herriko txoko desberdinetan. Horrelako eraso errepresiboei erantzuteko gaitasuna dugula frogatu dugu beste behin ere, herritar desberdinek antolaturiko ekimenei esker.

Eskerrik asko beraz, herriz herri antolatu zareten guztioi eta zuen aportazioa egin duzuen guztioi.

Amaitzeko eta dinamika honi amaiera emateko, uztailaren 27an, gaueko 22:30ean, Azpeitian egingo den ekitaldian parte hartzera animatzen zaituztegu. Elkartasunez eta konpromisoz lortuko dugu eskubide zibil eta politikoak blindatzea!

Secciones