Sahara Gara Eguna ospatuko du abuztuaren 2an Zarautzek

Patxi Elola zinegotzia eta Saharautzeko Txus Manterola eta Xabier Euzkitze, atzo, prentsaurrekoaren ondoren.

Lege Zaharren Enparantzan egingo den festan puzgarriak, haur jolasak eta berbena izango dira

Ane Roteta - Domingo, 29 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Zarautz - Urte askotan zehar ari dira Zarauzko Udala eta Saharautz elkartea elkarlanean, baina iaz ospatu zuten lehen aldiz Sahara Gara Eguna, sahararrek bizi duten egoera larriaren aurrean elkartasuna adierazteko asmoz. Aurten, bigarrenez antolatu dute bi erakundeek ospakizun eguna eta datorren abuztuaren 2an elkartasun jaialdia egingo da Lege Zaharren Enparan-tzan arratsaldeko 17.00etatik aurrera.

Ostiralean egin zuten jaialdiaren aurkezpena Patxi Elola Kooperazio zinegotziak, eta Saharautz elkarteko Txus Manterola eta Xabier Euzki-tzek, eta azaldu zutenez, arratsaldeko 17.00etatik aurrera festa giroa izango da Lege Zaharren Enparan-tzan. Hasteko, puzgarriak eta haur jolasak izango dira, eta horren ondoren, 18.30ean, Plaza Irrintzika haur berbenarekin gozatzeko aukera izango dute haurrek. Gainera, haima bat ipiniko dute udaletxearen parean eta saharrak bertan izango dira nahi duten guztiei tea banatzen.

Xabier Euzkitzek prentsaurrekoan zehaztu zuenez, Oporrak Bakean programaren bitartez uda honetan Urola Kostara etorritako zazpi haur sahararrak eta haien harrera-familiak gonbidatu dituzte ekitaldira (lau haur etorri dira Zarautzera, bi Oriora eta bat Getariara). Horretaz gain, Tolosako aterpetxean dauden 15 haur saharar ere etorriko dira festaz gozatzera. Hala, guztira 20 ume inguru elkartuko dira, baina herriko haur eta familia guztiak ere gonbidatu zituzten Saharari elkartasuna eta babesa adierazteko.

Eskualdera uda pasatzera etorri diren haurrei oinarrizko gauzak eskaini dizkie Saharautzek, eta horien artean dago programaren helburu nagusietariko bat, haurrei azterketa medikuak egitea. Hain zuzen ere, ikusmen eta entzumen-azterketak eta azterketa orokorrak egin dizkiete sahararrei.

“Bi hilabetetan hemen dabiltza bero itogarri hartatik kanpo eta bestelako mundu bat ezagutzen ari dira. Beste kultura bat ezagutzen ari dira, eta guretzako oso pozgarria eta motibagarria da urtero-urtero programa honi eutsi ahal izatea. Benetan eskertzen dugu erakundeek eta, kasu honetan, Zarauzko Udalak horretarako ematen digun babesa eta laguntza”, adierazi zuen elkarteko presidenteak.

Enbaxadore onenak Datorren ostegunean egingo den festaren xehetasunak emateaz gain, Sahararen egoera “negargarriaren” berri emateko aprobetxatu zuten prentsaurrekoa, eta zentzu horretan, uda pasatzera etortzen diren haurrak “enbaxadore onenak” direla azpimarratu zuen Euzkitzek.

Secciones