Uda ondorenean dira hastekoak Ordiziako tren geltokiko obrak

Lan berriei esker herrigunea eta San Bartolome auzoa konektatuta geldituko dira pasabide baten bitartez

M. Aranburu - Domingo, 29 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

ordizia - Dezente atzeratu dira Ordiziako tren geltokian hasiak behar zuten lanak. Berrikuntzak otsailean abiatzea espero bazen ere, Jose Miguel Santamariak, Ordiziako alkateak, aurreratu du “uda ostean, iraileko lehen astean” hasiko dituztela egokitzapen lanak. Gainera, pozik zehaztu du lanak egingo dituen enpresak “herriko jendea, ordiziarrak” kontratatuko dituela egin beharrekoak aurrera eramateko. Lanen iraupena ez dute zehaztu, baina urte erdia baino gehiago beharko dituzte, behintzat, guztia behar bezala jartzen.

Proiektu honek goitik behera aldatuko du herriaren planifikazio eta estruktura. Tren geltokia herrigune ondoan dago kokatua eta bertako nasak altxatu egingo dira, horiek gurutzatzeko azpiko pasabide berri bat sortuz. Bide horri esker igogailu batzuk jarriko dituzte eta bide batez, San Bartolome auzoarekin lotura egingo dute beste pasabide baten bitartez.

Adifek, estatuko trenbide azpiegiturak kudeatzen dituen erakunde publikoak, eramango ditu aurrera obra honen lanak. Hala, batetik, tren geltokiko irisgarritasun beharrak asetuko ditu, bai geltokiak erdigune aldetik duen sarreran eta baita San Bartolome auzotik geltokira joan ahal izateko bide berria. Modu horretan, trenbide azpiko pasabidea zabaltzeaz arduratuko da eta pasabidean bertan bi gune bereiziko ditu itxitura baten bidez: alde bat geltokiko erabileentzat izango da, dagokion kontrolarekin, eta, beste aldea, berriz, auzoa eta erdigunea lotuko duena izango da.

herrirako pasabidea Lanak irailean hasiko dituztela esan badu ere alkateak, oraindik prozesu luzea izatea espero da. Egokitzapen lan hauek egingo dituzte bertan: nasen arteko irisgarritasun proiektua, azpiko pasabidea, bi igogailu eta bi eskailera. Hala, geltokiko alde bakoitzean igogailu bat eta eskailera bat eraikiko dira nahi edo behar duenak erabil ditzan. Hori guztia aurrera ateratzeko estatuak 4,6 milioi jarriko ditu.

Ordiziako Udalak aprobetxatu egin nahi izan du Adifen esku-hartzea eta hala, geltoki azpitik igaroko den pasabidearen obra aprobetxatuz, 155.000 euroko inbertsioa egingo dute proiektu honi beste hobekun-tza bat gehitzeko asmoz. Horretarako igogailu bat eta eskailera eraikiko dituzte Joseba Rezola pasealekuan. Hori sortuta, San Bartolome auzoarekin lotura zuzena izango du herriguneak, izan ere, auzo honetan dagoen aparkalekutik joan ahalko da pasabide horretara. “San Bartolome eta tren geltokia eta Ordizia bera hobeto komunikatuko dituen proiektu hau lortzeko Udalak egindako kudeaketa ugarik fruitua eman dute”, nabarmendu du Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkateak, pozik lortutako akordioarekin. Legegintzaldi honetan San Bartolome auzoan berrikuntza ugari egin dituzte, hala nola, herriko sarrera berrantolatu egin dute.