Santa Ana eguna, emozio eta dantza artean

Jesus Mari Garateren alargunari dantza egin zioten agintarien soka dantzan

M. Aranburu - Viernes, 27 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

ordizia - Festa egunak ere aurrera doaz ordiziarrentzat. Atzo Santa Ana eguna, herriko zaindariaren eguna, ospatu zuten eta emozioz betetako uneak bizi ziren beste behin ere. Gaur, berriz, santaneroen eguna izango da eta larunbatean Ordiziako hiribilduko 750. urteurrenaren ekitaldi instituzionala egingo dute.

Goizaldean oraindik ere festan jarraitzen zuten gazteak ohiko tanborrada jo zuten Plaza Nagusian. Matutina gaua izan zuten eta beraz, atzo goizaldera arte esna jarraitu zuten festetaz gozatzen eta ohiko mozorroak kalera ateraz. Goizerako, berriz, asko izan ziren etxeko arropa txukunenak jantzi eta meza nagusira joan zirenak. Ohi baino luzeagoa izan zen eta meza amaitu bezain laster atera zuten Santa Ana zaindariaren irudia eta prozesioari ekin zioten, Irun Hiria Musika Bandak jotzen zuen bitartean. Hala, herriko kaleak zeharkatu zituzten guztiek, tartean Ordiziako Udal agintari batzuk zeudelarik.

Agintarien dantza saioa ere ohi baino beranduago hasi zen. Udaletxetik jaitsi ziren zinegotziak eta aurten Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatea, izan dute gonbidatu. Hala, hari ere dantza bat eskaini zioten. Ondoren, Udaletxera igo zen eta dantzari guztiek eraikin horri begira egin zituzten dantza gehienak.

garate, gogoan Ordiziar askoren-tzat aurtengo festak bereziak, ez-ohikoak izaten ari dira. Jesus Mari Garate ordiziar dantza maisua duela hilabete gutxi zendu zen eta hark herriko hainbat ekintza eta ekitaldi antolatzen zituen. Udal ordezkariek Santa Ana egunean dantzatzen duten soka-dantzan, esaterako, urtero-urtero dantza egin behar dutenen ondoan egoten zen maisua, eman beharreko ondorengo pausoak zeintzuk izan behar ziren esanez.

Aurtengo festak hura gabe ospa-tzen ari dira baina ez dira Garatetaz inongo momentuan ahaztu. Alkateak, Jose Miguel Santamariak, eta zinegotziek hasieran bakarrik egin zuten dantza, eta ondoren Kontxi Naldaiz, Garateren alarguna, jaitsi zen Plaza Nagusira. Bertan, alkateak dan-tza egin zion eta Naldaizek ezin izan zituen negar malkoak geldiarazi.

Dantza saioaren ondoren guztiak Udaletxean elkartu ziren eta hor ere emozioz betetako uneak ikusi ahal izan ziren. Alkatea eta Naldaiz besarkada sutsu batean bildu ziren, biak ere malkoez josita. “Oso emozionantea izan da guztia. Danborrada egunean ere izan zuten oroimenean Garate eta erabat hunkigarria izaten ari da”, adierazi zuen oraindik ere begiak gorrituta. Berarentzat eta familiarentzat orohar festa ezberdinak izaten ari dira: “jai bereziak dira aurtengoak guretzako, tristeak eta pozgarriak era berean”. Hala ere, hitz ederrak eskaini zizkien ordiziarrei: “egiten ari diren guztia asko eskertzen dugu. Hemendik aurrera ere hori eskatuko diegu, errespetua eta lehialtasuna. Baina orain gutxi joan da eta oraindik ere oso gogorra izaten ari da”, gehitu zuen Naldaizek.