1936. urtean fusilatutakoak gogoan, Beasainen

Beasaingo fusilatuen monumentuan, omenaldia egiten. (Argazkia: G.H.)

Fusilatuen monumentuan egingo dute gaur, 19.00etan, omenaldia eta 35 hidakoak gogoan izango dituzte

Viernes, 27 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

beasain - Duela 82 urte, 1936ko uztailaren 27 eta 28 egunen arteko goizaldean Pablo Cayuela teniente koronelaren tropak Beasainen sartu ziren eta uztailaren 28ko goizaldeko 05.00ak inguruan, 35 lagun fusilatu zituzten, Albisuenea etxearen aurrean.

Horiek guztiak gogoan izateko eta omentzeko urtero egin ohi duten ekitaldi bat da eta gaur arratsalderako ere modu berean antolatu du egitasmoa Beasaingo Memoria Historikoaren Taldeak. Saioa 19.00etan hasiko dute, Dolarea jatetxearen ondoan jarrita dagoen fusilatuen monumentu aurrean. Bertara jende asko inguratu ohi da urtero, eta gaurko ere hara agertzeko deia zabaldu dute antolatzaileek.

omenaldia, musikarekin Ekitaldiaren aurkezpena egingo dute lehenik, baina horren ondoren beste hainbat ekintzek ere osatuko dute gaur arratsaldeko egitaraua. Hala, herriko irakurketa taldekoek errezitaldia eskainiko dute jarraian eta olerki, kantu eta bertsoak jarriko dizkie omenaldiari. Ondoren, 36ko gerraren inguruko historia laburra azalduko da, inguratzen direnek zer gertatu zen jakin dezaten. Gainera, musika eta dantzarien agurrak ere izango dira, ekitaldi xume honi errekonozimendua gehituz.

Jarraian, fusilatuen, eraildakoen nahiz gerraren zeharkako eraginez bizia galdu duten beasaindar guztien izen-deituren irakurketa egingo dute musikak lagunduta, inork ahaztu ez ditzaten. Ekitaldia amaitzeko, lore eta kandela eskaintza egingo da monumentua, kolorez betez. Azken agur hitzen ondoren emango diote gaurko omenaldiari amaiera, datorren urtera arte. - M.A.

Secciones