IRITZIA

Nobela bat

PAKO ARISTI - Viernes, 27 de Julio de 2018 - Actualizado a las 14:01h.

TELEBISTAN noizean behin ateratzen bazara eta idazle gisan aurkezten bazaituzte, jendeak berehala egiten du zure irudi bat, eskolan irakurri zituen biografia haiek edota filmaren bat oinarri harturik, eta irudikatzen dute gai bila zabiltzala, nondik zure istorioetarako materia aterako, eta, aldika, borondate onez edo hantuste apur batez betetako norbait hurbiltzen zaizu, esaldi magikoa ahoan duela: “Nire bizitzarekin egin liteke nobela bat!”. Erantzuna entsaiatuta daukat: “Jarri 6.000 euro mahai gainean eta idatziko dizut!”. Jada ez zaio iruditzen bere bizitza nobela bat egiteko modukoa denik.

Idaztea intentzio batekin idaztea da, efektu baten bila. Ez da datuen transmisio hutsera mugatzen, irakurlearen erraiak inarrostea bilatzen du, eta gehiago nobela baten kasuan. Nobela batean dauden bizitzako pasarteak askotan aitzakia bat baino ez dira izaten, beste zerbait kontatzeko. Gertakaria ez da horren garrantzitsua, gertakariaz egiten dugun irakurketa baizik, idazleak planteatzen duen ispilu jokoa. Eta haratago joanda, badira oso gertakari gutxi dakartzaten nobelak, baina pertsonaien baitan sekulako antzaldatzeak eragiten dituztenak. Idaztea artifizio bat sortzea da, artifiziala baita guztiz.

Izan ere, nobela ez da bizitza bat kontatzea, kontakizuna antolatzea baizik, eta jendeak duen hitz egiteko moduak ez du balio. Hiztun eder baten jarioa grabagailuan hartu eta paperera eramango bagenu, kasik irakurri ezina izango litzateke;gehienez ere antropologia hutsa, ez literatura. Beste hizkuntza bat sortu behar da, baina, era berean, ezagun egingo zaigun oihartzun bat proiektatuko duena.

Gauza berbera gertatzen da pertsonaien arteko elkarrizketekin, eta aipatu dugun prozesu berbera, grabazioa literalki paperean jartzearena egin duenak, badaki ez duela funtzionatzen. Ez dugu nobeletan bezala hitz egiten, baina, elkarrizketak ondo eginik dauden kasuetan, nobeletako pertsonaiek guk bezala hitz egiten dutela iruditzen zaigu. Gure pentsamenduak, neurak, obsesioak, beldurrak perfektuki islatuak aurki ditzakegu, geuk agertuko genituzkeena baino hobeki, baina misterioa ez da idazleak imitatu egin duela gure gogoeta bide kaotikoa, hizkera berri bat sortu duela baizik.

Jendeak uste du bizitza bat kontatzea aski dela, baina ez: kontakizuna antolatu egin behar da. Demagun protagonista trenean doala hiri batetik bestera. Zenbat iraungo du bidaiak orrietan? Esaldi bat? “Mikelek Bartzelonako trena hartu zuen”. Edo deskribatuko dugu eguraldia? “Euria ari zuen Mikel geltokira iritsi zenean”. Trenean hitz egin al du ezezagunen batekin? Jaso al du deirik? Edo gutun bat irakurri du? Bidaia hori mugarria da haren bizitzan, ala leku-aldatze tekniko hutsa? Egunez ala gauaz joan da? Pozik zihoan, ala tristura sakon batekin? Zergatik doa Bartzelonara? Norbaitek itxoiten al dio Sants-eko geltokian?

Istorio bat ongi antolatuta dagoenean soilik lortzen da irakurlearengan efektua, natural-natural kontatu den bizitza baten aurrean dagoela, alegia. Pasarte bakoitza nobelaren barne logikak eskatzen zuen orri kopuru zehatzean jaso denean. Ez gehiago, puzteraino, ez gutxiago, kamuts geratzeraino.

Nobela teknika eta pazientzia handiz eraikitako artifizioa da;baina lasai, irakurle, ona bada bizitza errealaren aurrean zaudela sinetsaraziko dizu eta, orain arte idatzi dudan guztia ahanzteraino. Esperientzia bizi nahi baduzu, 20 euro inguru kostatzen da.

Secciones