Orkli enpresak 75.000 euro eman dizkio Ordiziako Udalari

Enpresak diruz lagunduko du Udala aurtengo 750. urteurreneko ekitaldiak aurrera ateratzeko

M. Aranburu - Jueves, 26 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

ordizia - Santa Ana jaiei hasiera ofiziala eman ostean, festetan erabat murgilduta dabiltza ordiziarrak. Gauza jakina da aurtengo festak eta orohar urtea bera berezia dela herritarrentzat, izan ere, Ordizia hiribildu izendatu zutenetik 750 urte bete dira aurten. Horregatik egitarau oparoa antolatu dute urtean zehar, hi-tzaldi eta ekitaldiz josita. Hala ere, horrelako egitasmoak aurrera eramateak kostu handia izaten du, bai gauzak antolatzeko orduan baina ekonomikoki ere bai. Kasu honetan, Ordiziako Udalak laguntza handia jaso berri du Orkli enpresaren aldetik. Izan ere, Orklik guztira 75.000 euro bideratu nahi izan dizkio Udalari, aurtengo urtean zehar egiten ari diren ekitaldi guztiak aurrera eramaten laguntzeko asmoarekin. Udalak, noski, oso pozik jaso du berria, egitarau oparoa osatu baitute urte honetarako.

Urteurren honetako babesle nagusietako bat da Orkli eta laguntza ekonomiko honekin bi alderdiek elkarrekin duten konpromisoa berretsi dute. Enpresako arduradunak, Iker Estensoro, Orkliko presidentea eta Patxi Lopez gerentea, Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkatearekin elkartu dira hitzarmena sinatu eta gerora begira ere “elkarlana bultza-tzeko” intentzioarekin.

Ordezkariek agerrialdian nabarmendu dute elkarren arteko “lan sareak, erlazioak eta aukerak” orain arte bezala, elkarrekin landu eta erabili nahi direla. Hala, Estensorok eta Lopezek Orklik aurrerantzean ere “gertuko enpresa laguna izaera” izaten jarraitzeko borondatea duela nabarmendu dute. “Logotipo eta iruditik haratago” eskua luzatu die beste behin ere Udalari, oraingoan aportazio nabarmena eginez. Egia da Orklik Ordiziarekin lotura estua du-ela;batetik, herrian bertan kokatua dagoelako eta bestetik, hainbat herritarrek bertan lan egiteaz gain, herrian antolatzen diren ekintza eta ekitaldietan laguntzak ematen jarraitzen duelako urteak aurrera joanda ere.

Laguntza ekonomikoa emateaz gain, bestalde, eta data zehazteko badago ere, beste proiektu batzuk ere aterako ditu aurrera enpresak. Hemendik gutxira ate ireki teknologikoak antolatzeko asmoa dago Orklin bertan eta ekintza hori hi-tzaldi garrantzitsu batez lagunduta egongo dela jakinarazi dute, nahiz ez duten gehiago aurreratu. Horrez gain, inguruko merkatua eta internalizazioa jorratuko dituen bigarren hitzaldi bat ere antolatuko da, kasu honetan emakumea eta lanari lotutakoa. Mujeres y trabajo en Ordizia (1880-1980): una perspectiva de género, lanaren argitalpenean lagunduko du Orklik eta eboluzioa islatzen duen eskultura bat ere egingo da.