KULTURA

Kanpai hotsak berriro Donostiako portuan

untzi museoak jarri du martxan itsas ondarearekin zerikusia duten gertakarien berri emateko asmoz

Jueves, 26 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Itsas munduko ospakizuna da Santiago Eguna eta, horrekin bat eginez, atzoko 13.00etan, kanpai hotsak entzun ziren berriro Donostiako portuan. Untzi Museokoa zen joka ari zena, kanpaiaren balioa zabaldu nahian. Hemendik aurrera itsas ondarearekin zerikusia duten gertakarien berri emateko erabiliko dute kanpai hotsa. Donostiako eta Gipuzkoako itsas historian esanguratsuak diren hainbat data errekuperatzeko egitasmoaren baitan kokatzen da Untzi Museoaren ekimena.

XVIII. mendearen erdialdean eraiki zen Donostiako Kontsulatuaren lonjako dorreak jatorrizko kanpaia mantentzen du gaur egun, 1799an datatua. Kanpaiaren jatorrizko eginkizuna deia egitea zen marinelak etor zitezen itsas sorospen lanetara, portuan zeuden ontzietan sortzen ziren suteak itzaltzera edo bestelako istripuetan laguntzera.

Hainbat urtez isilik egon ondoren, museoko kanpaiaren hotsa berreskuratu dute orain itsas ondarearekin zerikusia duten gertakarien eta data seinalatuen berri emateko. Soinu-erakusketa programa honen xede nagusia Gipuzkoako itsas historiarekin lotura estua duten zenbait gertakari gizarteratzea da.

Garai batean bezala, kanpaiaren hotsak desberdinak izango dira zabaldu nahi duen mezuaren arabera (komunikatzeko helburua zuen berez). Hala, ospakizun kanpaia itsasoarekin edo kofradiekin lotutako jai egunetan entzungo da;Kontxako estropadaren amaieran garaileen omenez irabazle kanpaia joko dute;eta ondare balioa duten itsasontziak edo arlo horretan lan egiten dutenak agurtzeko harrera kanpaia joko dute.

Soinu batzuk eta besteak bereiztu ahal izateko gida berezia prestatu dute Untzi Museoan jendartean zabaltzeko eta bertan agertzen da zein egunetan entzungo den ospakizun kanpaia eta zergatik (atzokoaren ondoren, abuztuaren lehen igandean entzungo da Debako marinelen zaindaria den Itziarko Amaren omenez eta abuztuaren 15ean ere bai, Donostiako zaindariaren jaia dela eta). Hala, egitasmo honek itsas ondare inmateriala (erlijiotasun herrikoia, omenezko ekitaldiak, jai eta ospakizunak…), memoria kolektiboa eta Gipuzkoako kostaldeko identitateak errekuperatzen eta balioan jartzen lagundu nahi du.

Ekimena abiatzeko kanpaia gainetik garbitu eta euskarria indartu dute. Kanpai hotsak automatizatuta daude kanpotik gehitu dioten mekanismoari esker. - N.G.