Zestoa eta Aia festetan murgilduko dira egunotan

Asteburu osoan luzatuko dira festak Zestoako Arroagoia eta Aiako Santio Erreka auzoetan

Ane Roteta - Miércoles, 25 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Zestoa - Uda aurrera doan heinean herriko festek ez dute etenik eta Zestoa eta Aiako herritarrek izango dute oraingoan jai giroaz gozatzeko aukera. Aiaren kasuan, jaiak gaur bertan hasiko dira Santio Erreka auzoan, eta Zestoako Arroagoia, berriz, bihartik aurrera murgilduko da festetan.

Zestoako Arroagoia auzoan, hain zuzen ere, Santa Ana Egunari hasiera emango diote bihar txupinazoarekin (10.30), eta Meza Nagusiaren ondoren, Itxaropena dantza taldea eta edadetuentzako hamaiketakoa izango dira Herri-Etxe elkartean. Tartean, gainera, bingora jokatzeko aukera ere izango da. Arratsaldean txikienek ez dute aspertzeko unerik izango jolasekin eta txokolatadarekin (16.30), zezen txiki eta poniekin (18.30), eta afari musikatuarekin (20.30). Gainera, gauean Izer eta Alabierren erromeria izango da 22.30etik aurrera. Ostiralean ere zenbait jarduera izango dira egunean zehar;besteak beste, haurrentzako margoketa (12.00), Arroabeko batukada (18.30), herritarren arteko kirolak (19.00), Parrazta taldearen kontzertua (21.45) eta Kupela taldearen erromeria eta DJ Pajaritoren emanaldia (23.30).

Larunbat eta igandean ere festa egitarau bete-betea izango da Arroagoian. Larunbatean, esaterako, jarduera nagusiak Zestoako VIII. Trikitilari Gazteen Txapelketa (17.00), asto probak (19.00), herri afaria eta Imuntzo eta Beloki trikitilarien erromeria (23.30) izango dira. Igandean, aldiz, festei amaiera emateko patata tortilla lehiaketa, sagardo lehiaketa eta esku pilota finalak izango dira goizean zehar, eta arratsaldean parapente txapelketa, Karmelo Matrakaren omenezko herri kirol saioa eta Irati eta Amets trikitilarien erromeriak osatuko dute eguneko egitaraua.

Aiako festei dagokionez, gaurtik datorren astelehenera luzatuko dira festak. Gaurkoan meza, zaharren hamaiketakoa eta herri kirolak izango dira, eta bihar ere meza izango da goizean. Ostiralean, berriz, gaueko egitaraua antolatu dute DJ Ibonekin (23.30), eta goizaldeko 3.00ak aldera oilaskoa biltzera irtengo dira gazteak.

Jai giro nagusia, ostera, larunbatean ospatuko da eta mus txapelketa (16.30), bertso saioa (22.30ean, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Jone Uriarekin) eta Abibaren diskojaia izango dira. Festei amaiera emateko, igandean ume jolasak antolatu dituzte igande goizerako (10.30), eta astelehenean oilasko biltzeko afaria egingo da Portu Erretegian eta jarraian Izer eta Alabierren musikarekin goza-tzeko aukera izango da.