Itsas usaina duten festa luzeenak

Koadrila bat sardinak erretzen San Pantaleon egunean.

Gaur hasi eta asteartera arte luzatuko dira Pasai Donibaneko santio jaiak, tradizio handiko ekintzekin

Aitziber Mugaren erreportajea eta argazkia - Miércoles, 25 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Gaurtik datorren asteartera arte, zazpi egunez, Santiago egunetik San Inazio egunera, Pasai Donibanek bere jai handiak ospatuko ditu. Pasaiako festa luzeenak dira, nahiz eta aurten egun bat gutxiago izango duten.

Egitarauan tradizio handiko ekimenak txertatu dituzte. Honela, bihar 22.30ean habanerak abestu eta dantzatuko dituzte. Ikuskizun honetan 100 pertsona ateratzen dira, ia guzti-guztiak sanjuandarrak. Hiru hilabete daramatzate entseguak egiten dena primeran ateratzeko.

Aurtengoa hamalaugarren aldia izango da habaneren ohitura zaharra berreskuratu dela. Iraganean marinelak Ameriketara joaten ziren salerosketak egitera eta haien itzuleran festa handia egiten zen herriko plazan. Honela sortu ziren habanerak.

Ostiralean San Pantaleon eguna ospatuko da. Herriko koadrilek arratsaldean sardinak prestatzen hasiko dira eta 19.00etarako dena prest izango dute herri osoan zehar sardina postuak egoteko. Ikatz eta arrain usaina nagusi izango dira ordu luzez. Aurten ere ekintza hau Pasaiako Portu Agintaritzak diruz lagunduko du. 22.30ean Arrantzaleen danborrada irtengo da, Konstantzia bandaren laguntzarekin.

Tradizio handiko beste ekintza bat bateleren estropada da. Asteartean, San Inazio egunean, 11.30ean Meipitik aterako dira desfilean Konstantzia bandaren laguntzarekin. 12.15ean ontziratu eta estropada hasiko da. Hau amaitzean Bateleren zortzikoa dantzatuko dute eta sari-banaketa burutuko da. Gauean, 21.15ean, gazte eta helduen danborrada Bonantzatik irtengo da, Pasai txaranga lagun duela, eta alde zaharreko kaleetan ibili ondoren, badian ibiliko da. Azkenik, su-festa izango da. Egitarau osoa www.pasaia.eus helbidean ikus daiteke.

Kale itxiera Jaiak direla eta, alde zaharreko merkatari, ostalari eta bizilagunei jakinarazten zaie uztailaren 25etik 31ra, biak barne, era guztietako ibilgailuentzat, baita motorrentzat ere, Donibane kalea itxita egongo dela ondorengo orduetan: gaur 17.00etatik aurrera, bihar 11.00etatik, ostiralean 9.30etik, larunbatean 10.30etik, igandean egun osoan, astelehenean 10.00etatik eta asteartean egun osoan.

Bestalde, Udalak gogorazi du Bizkaia plazan soilik aparkatu ahal izango dutela txartel arrosa duten alde zaharreko herritarrek, eta Donibane kaleko 1. zenbakitik 19ra eta 2. zenbakitik 28ra bitartekoek, behin-behineko txartela eskatuz gero.

Halaber, jakinarazten da Nabalaldeko kaia herritarrentzako eta kanpotarrentzako irekita egongo dela 27ko arratsaldetik uztailaren 31 arte. “Gogoan hartu pabilioi eta lokaletako sarbideak beti libre utzi behar direla”, azpimarratu dute udaletxetik.

Secciones