Kaleko pintura lehiaketa ospatuko da Zumaian

Bi sari nagusi izango dira eta, horrez gain, zumaiar onena, eta gaztetxo eta haur onena ere sarituko dituzte

Martes, 24 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Zumaia - Zumaiako Udaleko Kultura sailak kaleko pintura lehiaketa antolatu du aurten ere eta datorren abuztuaren 15ean ospatuko da herriko kaleetan zehar. Beraz, Zumaiako eta inguruko pinturazaleek beren abilezia erakusteko aukera izango dute.

Udaletik azaldu dutenez, nahi duten guztiek hartu dezakete parte sariketan, baina lana kalean eta Zumaiako lur eremuaren barnean egin beharko da. Oinarriek jaso-tzen dutenez, lanerako euskarriak Oxford aretoan zigilatuko dira 9.00etatik 11.00etara bitartean. Euskarriak lanerako prestatuak eraman daitezke, baina ez dituzte onartuko marrazki, zirrimarra edo marra aztarnik edukitzea. Horretaz gain, euskarriak gogorra izan beharko du, ondoren izango den erakusketarako baliogarria izateko.

Behin lan guztiak amaituta, artelanak Oxford aretoan aurkeztu beharko dira 13.00etatik 14.00etara egilearen datuekin batera. Sari banaketa, berriz, arratsaldeko 15.00etan egingo da.

Guztira, bost sari izango dira;batetik, lehen bi sari nagusiak, 800 eta 500 eurokoak;eta bestetik, lehen zumaiarrak ere 300 euro eskuratuko ditu. Gainera, 16 urtetik beherakoen atala ere egongo da. Hala, 12 eta 16 urte bitarteko onena sarituko da, baita 12 urte bitarteko onenari ere.

Udaletik zehaztu dutenez, lehen bi sarituak Udalaren jabego izatera pasatuko dira, eta aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat egingo da ondoren;hain zuzen ere, datorren abuztuaren 16tik irailaren 2ra bitartean. Erakusketa horretarako epaimahaiak nolabaiteko aukeraketa egingo du lan guztien artean. - A.R.

Secciones