gizartea

Zizurkil indarkeria matxistaren aurka eta euskararen erabileraren alde lanean

Festei begira lanketa berezia egingo du Udalak festa batzordeekin eta eragile feministekin

Martes, 24 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Zizurkil - Zizurkilgo festa batzordeek, eragile feministek eta Udalak hainbat batzar egin dituzte ekaina eta uztailean zehar festetara begira bi arlo indartu nahian;indarkeria matxistaren aurkako plangintza bat egin da eta euskararen erabileraren aldeko lanketa ere bai.

Alde batetik, iaz onartu zen indarkeria matxistaren aurkako protokoloari jarraituz, festa berdinzale eta emakumeentzat askeak aldarrikatzeko bidean kontzientziazioan sakondu nahi da. Protokoloaren oinarria, erasotuari laguntza behar duen galdetu eta babesa ematea da, horretarako dokumentuak jasotzen dituen informazio eta aukera ezberdinen berri emango zaio.

Aurten, ordea, protokoloaren nondik norakoaz herritar gehiagoz jabetzea izango da erronka, eta iaz hasitako bidetik, abuztuko zein iraileko festen hasieretan indarkeria matxistari ezetz esaten zaiola argi utziko da herri argazkien bidez, besteak beste.

euskararen alde Zizurkilen urte guztian lantzen ari den arloa da euskararen erabilerarena, herrian azken datuek erakutsi duten erabileraren jaitsierari aurre egin nahian eta Euskaraldia ekimenarekin bat eginez.

Festetan ere euskararen erabileraren beherakadari buruz herritarrak kontzientziatzeko ekimenak egingo dira, aurrerago zehaztuko direnak. “Zizurkilgo arazoa ez da jendeak ez dakiela, dakigun askok ez dugula behar beste kontzientzia baizik, eta horretan eragin nahi dugu”, adierazi dute batzordeetatik. Festa parekide eta euskaldunagoen alde elkarlanean ari dira Zizurkilgo eragileak. - M.S.S.