Tramite elektronikoak egiteko B@kQ identifikazioa lor daiteke udaletxean

Oiartzungo Udala bulego elektronikoa izango dena prestatzen ari da ziurtagiriak ‘on-line’ jaso ahal izateko

Martes, 24 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Oiartzun - Oiartzungo Udalak atzo jakinarazi zuenez, tramite administratiboak on-line egiteko aukera martxan jarri du www.oiartzun.eus-en bidez. Horretarako, herritarrek B@kQualifikatua (B@kQ) identifikazio elektronikorako pasahitza beharko dute.

Herritarrei erraztasunak emateko, udaletxeko harreran langile bat egongo da identifikazio elektronikoan altak egiten. B@kQ-a pertsonala da eta norberak eskatu behar du bere identifikazioa. Horretarako, NAN-a, e-mail kontu bat eta telefono mugikor zenbaki bat behar dira. KZgunean eta anbulatorioan ere badago B@kQ identifikazioa lortzeko aukera.

B@kQ-ak Oiartzungo Udalarekin egin beharreko tramiteak elektronikoki egiteko aukera emango dio herritarrari eta etorkizunean, baita udaletxean dituen espediente guztiak etxetik ikustekoa ere.

Gipuzkoako Foru Aldundia, Osakidetza edota Eusko Jaurlaritzarekin lotutako edozein administraziorekin harreman elektronikoa izateko balio du identifikazio elektroniko honek.

Urriaren 2tik aurrera Oiartzungo Udala bulego elektronikoa eskaintzeko prestatzen ari da, legearen eskakizunetara egokitzeko. Hori dela eta, besteak beste, harrera egokitzeko lanak egin dira. Urriaren 2tik aurrera, Udalarekin egin beharreko tramite guztiak on-line egiteko aukera izango da.

Egun horretatik aurrera, pertsona juridikoak (autonomoak) eta kolegiatutako profesionalak behartuak egongo dira identifikazio hau izatera. Herritarren kasuan, hautazkoa izango da. - A.M.