Proteina bat, osasun-egoeraren biomarkatzaile

UPV/EHUn, osasunari dagozkion parametro eta ohiturekin erlazionatu dute zenbait patologiari lotutako proteina baten jarduera entzimatikoa

UPV/EHUko Ageing On ikerketa-taldeak eta CITA-Alzheimer fundazioak lankidetzan egindako ikerketa batean, ondorioztatu dute DPPIV entzimaren jarduerak erlazio positiboa duela osasun eta egoera fisiko oneko parametroekin, zenbait patologiatan biomarkatzaile gisa jarduteaz gainera. Halaber, ikusi dute entzima-jardueran aldeak daudela sexuaren eta adinaren arabera

Domingo, 22 de Julio de 2018 - Actualizado a las 17:25h.

BILBO. Dipeptidil peptidasa-IV edo DPPIV proteina ezaguna da patologia eta egoera fisiologiko jakin batzuetako biomarkatzaile gisa. Egoera fisiologikoen, gaixotasunen eta patologien molekula adierazleak dira biomarkatzaileak, eta erabiltzen dira egoera jakin baten garapenaren diagnostikoa, pronostikoa eta analisia egiteko. Izan ere, DPPIV proteina lotuta dago immunitate-sistemako eta glukosaren metabolismoko prozesuekin, hanturarekin eta bihotz-hodietako erregulazioarekin, eta, horrez gainera, ikusi da muskulu- eta gantz-ehunen arteko komunikazio-mekanismo gisa ere jarduten duela. "Entzima gisa jarduten duen proteina bat da, baina, aldi berean, beste mota batzuetako funtzioak ere betetzen ditu organismoan. Hainbeste funtzio eta hain ezezagunak ditu, ezen oso zaila baita zehazki jakitea zer mekanismoren bidez erregulatzen den", azaldu du Begoña Sanz doktore eta UPV/EHUko Ageing On taldeko ikertzaileak.

"Interesgarria da proteina honen biomarkatzaile-funtzioaren gainean lortzen den ezagutza oro;izan ere, kontuan hartuta zenbat funtzio betetzen dituen, tratamendu bat ikuspegi batetik aplikatzeak arazoren bat eragin lezake proteinak parte hartzen duen beste egoeraren batean", dio Sanzek. Hori dela eta, doktoreak nabarmendu du zer garrantzitsuak diren UPV/EHUko Ageing on ikerketa-taldeko eta CITA Alzheimer fundazioko kideek itxuraz osasuntsu dauden pertsona helduekin egindako ikerketa baten emaitzak: "Entzima honen inguruan argitaratu diren artikulu gehienek agerian jartzen dute patologien arabera nola aldatzen den, baina oso ikerketa gutxi daude aztertzen dutenak zer korrelazio duen entzima honek itxuraz osasuntsu dauden pertsonen parametro jakin batzuekin".

Adinaren eta sexuaren araberako diferentziak

Ikerketa 374 pertsona heldurekin egin da (40 eta 85 urtekoak). Denei datu soziodemografikoak hartu zaizkie, aldagai antropometriko guztiak neurtu (pisua, altuera, gorputz-masaren indizea, etab.), eta zer jarduera fisiko egiten duten eta zer egoera fisikotan dauden (Senior Fitness Testeko probak erabiliz) aztertu da.

Proba horiek guztiak amaitu, eta lortutako datuak proteinaren jarduera entzimatikoarekin -odolean neurtua- korrelazionatu ondoren, ikerketa-taldeak ikusi du "jarduera entzimatikoa erlazionatuta dagoela osasunari dagozkion parametro eta ohiturekin. Alegia, bizi-ohitura osasungarriagoak dituzten, jarduera fisiko handiagoa duten, egoera fisiko hobean dauden eta obesitate-adierazle gutxiago dituzten pertsonek dute jarduera entzimatiko handiena -zehaztu du Sanz doktoreak-. Horrek guztiak adierazten du osasun-egoeraren biomarkatzaile gisa erabil litekeela entzima horren jarduera". Bestalde, egiaztatu da jarduera entzimatikoa handiagoa dela emakumezkoetan gizonezkoetan baino, "nahiko nabarmen, gainera", adierazi du.

Ikertzaileak dionez, "ildo berean ikertzen jarraitu beharko litzateke ikusteko ea lortutako datu hauek, bibliografian dauden besteekin elkartuta, handitu ote daitekeen funtzio anitzeko proteina honen gaineko ezagutza". Halaber, "emaitzak sakonago aztertu beharko lirateke;izan ere, egin izan diren beste ikerketa batzuekin alderatuta, ikusi dugu entzima-jarduera ala entzimaren kontzentrazioa neurtu, aldatu egiten direla obesitatearen ikuspegitik lortzen diren emaitzak eta korrelazioak. Aztertutako taldea pertsona osasuntsuek edota patologiaren bat daukaten pertsonek osatzen dutenean korrelazioak aldatzen diren bezalaxe. Aztertzen den pertsona-taldearen adinaren arabera ere asko aldatzen dira emaitzak. Horren ondorioz, kontu handiz interpretatu behar dira datuak, populazio baliokideak alderatzen ez direnean".

Informazio osagarria

UPV/EHUko Ageing On ikerketa-taldeak eta CITA-Alzheimer Fundazioak lankidetzan diharduten beste ikerketa askoz zabalago baten parte txiki bat da ikerketa hau. Ageing On taldearen helburuetako bat da zahartze osasungarria sustatzea, eta, horretarako, jarduera fisikoak eta bizi-ohitura osasungarriek zer onura eragiten dituzten ikertzen eta zabaltzen dute. CITA-Alzheimer Fundazioak, bestalde, urteak daramatza parametro ugari neurtzen pertsona heldu osasuntsuen kohorte batean, atzera begirako modu batez alderatu ahal izateko parametro horiek zer erlazio daukaten Alzheimerren gaixotasunaren garapenarekin.