San José sailburuak Laneko Ikuskaritza kanpainaren emaitza esanguratsuak azaldu ditu

Lunes, 23 de Julio de 2018 - Actualizado a las 16:46h.

Laneko Ikuskaritzaren lehenengo seihilekoko emaitzak nahiko pozgarriak izan dira gauzatutako jardueren eraginkortasuna ikusita;izan ere, 4.334 lan-kontratu aldatu eta legezkotasunera doitu ahal izan dira.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék 2018ko lehenengo seihilekoari dagokion Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren txostena eta urtea amaitu bitarteko aurreikuspenak eta helburuak aurkeztu ditu. "Legealdi hau hasi zen une berean -esan du San Josék- hitzeman genuen lanaldi partzialeko kontratuak ikuskatzeko jarduerak areagotuko genituela eta aldi baterako kontratazioan dagoen iruzurra jazarriko genuela. Eta lehenengo seihilekoan 11.000 kontratu ikuskatu dira guztira eta araudi erregulatzailearen aurkako irregulartasun ugari hauteman dira". Sailburuak adierazi du Laneko Ikuskaritzak ikuskatutako kontratuen % 39,4 aldatu egin dituztela enpresek aurrez errekerimendua edo ohartarazpena egin ondoren.

Txostenaren aurkezpenean María Jesús San José sailburuarekin batera izan dira Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Jon Azkue eta Laneko Ikuskaritzako zuzendariorde Icíar Gonzalez.

San José sailburuak gogora ekarri du Laneko Ikuskaritzak jarraitu egingo duela "gizonen eta emakumeen lan-baldintzetan, oro har, eta soldata-arraila dagoen kasuetan, bereziki, berdintasunaren arloko betebeharrak betetzen ez dituzten enpresen gainean" jarduten. "Laneko Ikuskaritzak -erantsi du- bereziki ostalaritzako enpresetara eta bertako instalazioen garbiketa-lanetara bideratuko ditu ahaleginak aurrerantzean ere".

Alde horretatik, San José sailburuak azpimarratu ditu Laneko eta Gizarte Segurantzako Estatuko Erakundeak, autonomia-erkidegoekin lankidetzan, landu duen 2018-2020 aldirako Lan Esplotazioaren aurkako Gidaplanean generoaren berdintasunaren arloan jasota dauden lehentasunezko jarduera-helburuak. "Gidaplan horixe izango da gure lan-merkatuko lan-baldintzen narriadurari aurre egiteko erreminta nagusia, eta lan-eskubideak berreskuratzea eta enpleguaren kalitatea eta lan-baldintzak hobetzea da helburu nagusia".

San José sailburuak azaldu du Lan Esplotazioaren aurkako Gidaplanean epe laburrerako bi "txoke-plan" daudela aurreikusita, datorren abuztuan jarriko direnak abian: aldi baterako kontratazioan dagoen iruzurraren aurkako plana eta lanaldi partzialeko kontratazioan dauden gehiegikerien aurkakoa. "Euskadiko Laneko Ikuskaritzak bi plan horiek gauzatzen parte hartuko du. Plan horietako helburuak guztiz bat datoz nik ordezkatzen dudan Sailarenekin, eta Euskadiko Laneko Ikuskaritza biziki ari da horiek lantzen legealdi honen hasieratik eta adierazitako emaitza esanguratsuak lortu ditu dagoeneko".

Secciones