Gizartea

Txiki eta handiak, Santa Ana jaietan

Gaur, 20.00etan emango diote hasiera Ordiziako haurren danborradari Buztuntza auzoan. (Argazkia: Udala)

gaur amaituko da ordiziako txikien asteburua, haurren danborradarekin, eta etzi hasiko dira festak ofizialki

M. Aranbururen erreportajea - Domingo, 22 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Ohitu gabeko eguraldiarekin hasi berri dituzte ordiziarrek aurtengo Santa Ana jaiak. Asteburuan etxeko txikienak izan dira protagonista nagusi eta gaur ere hala izango dira. Baina festak gaur amaitu beharrean, indar gehiagorekin itzuliko dira datorren aste osoan zehar, izan ere, asteartean emango diete herriko festei hasiera ofiziala, udaletxeko balkoian egiten den pregoiaren irakurketa eta suziri jaurtiketarekin batera.

Ostirala oso indartsu hasi zuten herritarrek, ekintza ugarirekin. Euskal Zirkoa ere iritsi da Ordiziara eta San Bartolome auzoko aparkalekuan kokatu dute zirkua. Herenegun eta atzo ere eskaini dituzte saioak eta oraindik ere norbaitek ikuskizun honetaz gozatu nahiko balu aukera izango du gaur arratsaldean, 17.00etan hasierta.

Iluntzean, Beti Alai pilotalekua jendez bete zen boxeo jaialdiak eskaini zuen ikuskizun “ezin hobea” ikusteko asmoarekin. Jokatu ziren lehia guztien artean Ander Bricio ordiziarraren momentua ere izan zen, debuta egin zuen eta.

Segidan Rockalean taldearen emanaldia eta danborradako kantineren aurkezpena egin zen Plaza Nagusian. Atzo, berriz, etxeko txikiak koloretsu atera ziren kalera, txikien kuadrila egunean. Goizeko lehenengo ekintza, baina, kirolarekin erlazionatutakoa izan zen. 10.00etan hasita 45. Txapel Gorri txirrindulari proba jokatu zen, kadete mailan.

Elizako kanpaiek egun erdia markatzearekin batera hasi zuten haurren eguna. Suziri eta bonben jaurtiketa egin zuten udaletxean eta orduntxe lehertu zen festa. Plazan bertan elkartu ziren kuadrila guztiak, pozez zoratzen Santa Ana jaiak elkarrekin ospatzen. Ohiko legez, buruhandiak eta erraldoiek, txistulariek eta trikitilariek giroa alaitu zuten. Plaza nagusian egin zuten elkarretaratzea segidan, umeen bazkari herrikoian. Ehunka lagun bildu ziren bertan eta amaitzerako abian jarri zuten Udalak urezko tobogana Egitera bidean. Arratsaldean, 18.00-etan hasita, pala partidak jokatu ziren Beti Alai pilotalekuan. Ordubete beranduago Udaletxe paretik txikien kuadrilen irteera egin zuten Burrunbazale txarangaren lagun-tzarekin. Kalejira eta mozorro dan-tzaldia egin zuten ondoren eta 23.15ean zezen-suzkoa ere atera zen Arboledan.

Gaur ere musikarekin hasiko dute eguna. Hain zuzen, 11.00etan, meza nagusiaren ondoren danbor eta upel-jotzaileen taldeek, Beti Argi bandaren laguntzaz, Ordiziako Martxa joko dute. 12.00etan haurren ohiko aurreskua izango da plazan eta arratsaldean beste hainbat ekintzek jarraituko dute. Besteak beste, 16.30ean 22. pilota txapelketaren finalak jokatuko dira pilotalekuan, 19.30ean kantinerak udaletxetik aterako dira Buztuntza auzo aldera. 22.00etan izango da haurren danborradaren irteera Buztuntzatik eta herriko txokoak igaro ostean Plaza Nagusian emango diote amaiera elkarrekin hainbat pieza joaz.

umore koloretsua Iazko moduan, aurten ere Umore Horia txapelketa jokatuko dute bihar Oianguko parkean. 200 lagun baino gehiago elkartuko dira bertan eta hamarko taldeetan hainbat proba gainditu beharko dituzte irabazleak izateko. 9.00etan hasiko dira eta arratsaldera arte luzatuko dira jokoak, nahiz eta bazkaltzeko eta indarrak hartzeko tarte bat hartuko duten.

Secciones