goierri

Igartza Arku Tiraketa elkarteak gune berria estreinatu du

beasaingo taldean 35 kide inguru dira eta salbatore auzoko gasolindegi atzean egokitu da leku berria

M. Aranbururen erreportaje eta argazkiak - Sábado, 21 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Entrenatzeko gune berria estreinatu du Beasaingo Igartza Arku Tiraketa Elkarteak, eta bertako kideak oso gustura azaldu dira Udalak egindako apustu honekin. “Dudarik gabe, Beasaingo Udala oso ondo portatu da espazio berri hau guretzat egokitzeko erabakia hartuta, pozik gaudela esan dezakegu. Begira zein toki ederra jarri diguten hemen, polita da hau, leku zabala daukagu eta inor ez dugu molestatzen”, nabarmendu du Rafa Gonzalez, taldeko kide azpeitiarrak.

Arku tiraketa praktikatzeko lekuak dituen “berezitasunengatik”, Udal ordezkariek nabarmendu dute ez dela “samurra aire librean honelako eremu zabal bat” egokitzea. Elena Ruiz kirol zinegotziak adierazi du Udalak Elkarteak zuen behar honen berri izandakoan “buru-belarri” jarri zirela lanean, ikusteko ea zein leku izan zitekeen egokiena: “Beraiek ere lasai entrenatzeko lekua izatea beharrezkotzat jo dugu Udalean eta horregatik gune berriaren aldeko apustua egin dugu”.

Hainbat toki aztertu dituzte leku “egokienaren” bila eta zeuden aukerak ikusi ondoren, azkenik, Salbatore auzoko gasolindegiaren atzeko aldean dagoen lur saila aukeratu du Udalak. Bertara iristeko Sasieta Mankomunitateko bulegoetarako bidea hartu behar da, Salbatoren, eta ondoren ezkerretara hartu eta enpresa bat pasa ondoren dago.

Nahiz eta Udalak leku hori hautatu zuen, eremua egokitzeko beharrezko lanak egin behar izan dira, hau da, lehen sasiarte bat zena garbitu, zelaigune bihurtu eta zoladura baldintza egokietan jarri du Udalak arku tiraketa elkarteko kideek lasai ibili ahal izateko. Espazio guztia ere hesitu egin dute eta itxitura giltzatuta jarri da. Horrez gain, urbanizazio lan txiki bat ere egin da. Hala, etxetxo bat eratu dute beharrezko materiala gorde-tzeko eta sarrera lekua identifikatzen duen panel bat kokatu da. “Normalean, gehienez ere, 90 metrotik egiten ditugu tiraketak, baina 100 metro behar izaten dira lasai ibili ahal izateko”, esan du Gonzalezek. Berak, esaterako, pasa den igandean, Euskadiko txapelketa irabazi zuen: “Ez nuen denbora asko izan entrenatzeko, baina saio polita atera zitzaidan. Orain hona etorriko naiz entrenatzera”.

gunearen beharra Gaur gaurkoz kirol mota hau praktikatzen duten 35 lagun inguruk osatzen dute Beasaingo Igartza elkartea eta taldeak 27 urte bete ditu aurten, beraz, argi ikusten da herrian badagoela kirol honekiko afizioa. Ez da kirol erraza eta ibiliaren ondoren hartzen zaio gakoa, baina horretarako gune bat behar zuten.

Udalak elkartearekin duen hitzarmena dela eta, hemendik aurrera behar duten espazio irekia eta propioa izango dute entrenamenduetarako. Elkarteak berak egindako eskaera bat izan zen, izan ere, Gonzalezen hitzetan, lehen Beasaingo igerilekuak dauden lekuan entrenatzen zuten: “Neguan Beasaingo Antzizar kiroldegi barrura joaten ginen entrenamenduak egitera, eta udan, bestalde, igerileku ondoan egiten genuen. Pentsa, behin edo behin futbol zelaiko harmailetan ere aritu gara. Hori beti izan da arazo bat guretzako, azken finean, ez geneukalako gure leku propiorik eta beti beste batzuenean ibiltzen ginelako”. Egokitzapen lan hauek egiteko Udalak 9.700 euroko inbertsioa egin du eta guztiek izango dute kirol hau praktikatzeko aukera.