“Ongi etorri” kanpainak Euskadi helmuga erosotzat erakusten du

Etxebarria y Retortillo

Viernes, 20 de Julio de 2018 - Actualizado a las 17:56h.

"Ongi etorri" kanpaina dagoeneko hemen dauden bisitariei zuzentzen zaie. "Lehenengo harrera da dagoeneko helmuga gisa aukeratu gaituztenentzat, Euskadi helmuga ireki eta eroso eta, aldi berean, berezi delako ideian eragiteko, euskarazko agurraren bidez: «ongi etorri». Harrera kalean barrena ibiltzean aurkituko dute", esan du sailburuak.

Gainera, kanpainaren bidez, Euskadiko turismoaren aurkako mezu negatiboei ere egin nahi zaie aurre, "izan ere, herrialde ez oso eroso eta masifikatu gisa aurkezten gaituzte, askoren bisita-aukeretatik kanpo uzten gintuzten benetako arazo eta klixe negatiboekin hainbat urtez bizi ondoren. Euskadik ez ditu turistak etxera bidaltzen;Euskadi herrialde abegitsua da eta, bertan, askotariko eskaintza dugu, eta guztiontzako lekua dago.

«Ongi etorri» mezua gaztelaniaz, katalanez, galegoz, frantsesez, ingelesez, alemanez, italieraz eta portugesez agertuko da, merkatu nagusienak eta hurbilekoenak baitira. Asteon hasiko da, markesinetan, eta datorren astetik aurrera zabalduko da, bandera eta olana bidez, uda-amaiera arte.

Seihilekoaren balantzea eta turismoaren aurreikuspenak

2018ko urtarriletik ekainera bitarteko EUSTATen datuen arabera, ia milioi eta erdi bisitari (1.455.171) heldu dira Euskadiko hotel eta nekazaritza-turismoetara. Horrek esan nahi du ia 65.000 pertsona gehiago egon direla, 2017aren aldean.

Bestalde, sektoreak uztailerako eta abuzturako emandako aurreikuspenek mantentze edo hazkuntza oso moderatua erakusten dute;oro har aurreko urtekoaren oso bilakaera antzekoa egiaztatzen da, non desestazionalizaziorako joera sendotu egiten baita.

"Euskadik, beraz, datu positiboak ditu, ez hazkuntzagatik beragatik, baizik eta hazkuntza hori, batik bat, urtaro nagusietatik kanpo egiten delako, hazkuntzaren igoerarik handienak uztailaz eta abuztuaz bestelako hileetan baitira", esan du Retortillok.

Secciones