Toldoak opari gisa

Maite Isasti bere dendan, toldotxo batzuk aurrean dituela.

Maite Isasti zarauztarrak Aitan Toldua denda zabaldu zuen duela hamar urte. Zarauzko toldoen miniaturak egiten ditu eskuz eta herriko oroigarriak erosteko erreferente bilakatu da.

Ane Rotetaren erreportaje eta argazkia - Jueves, 19 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:01h.

Zarautz bereizten duen zerbait baldin badago ia hiru kilometrotako hondartza da, baina hondartzaren itxura guztiz bereizgarri eta berezi egiten dutenak toldoak dira. Izan ere, udako argazki guztiak janzten dituzte toldoek eta herriko udari kolore eta irudi berezia ematen diote. Gainera, asko dira toldoen inguruan milaka eta milaka oroitzapen dituzten zarauztarrak, baita kanpotik etorritakoak ere, asko baitira uda pasatzera etortzen diren Gipuzkoako, Euskal Herriko, Estatuko nahiz atzerriko familiak.Maite Isasti zarauztarrak lotura handia du bere herriko hondartzarekin. Haurra zenean uda guztiak pasatzen zituen 552. toldoan eta duela hamar urte ekin zion Zarauzko toldoen miniaturak eskuz egiteari, Aitan Toldua negozioa zabaldu zuen arte. Isastik azaltzen duenez, bere aitarena izan zen ideia eta horregatik jarri zion dendari izen hori: “Duela hamar urte dekorazio denda bat nuen eta uda iristen zenean askok galdetzen zidaten ea ba al nuen Zarauzko herriaren zerbait tipikoa. Aitak esan zidan: zer dago toldoa baino tipikoagorik? Eta egia da Zarautz identifikatzen duen zerbait direla toldoak. Donostian eta Biarri-tzen, adibidez, badaude baina ez dira berdinak”.

Hala, toldotxo txikiez gain, motxilak, poltsak, itzalkinak eta haurren amantalak egiten hasi zen Maite, eta hamar urte beranduago, ezin da zoriontsuago egon orduan hartutako erabakiarekin, bere denda dagoeneko herriko oparien eta souvenirren nolabaiteko erreferente bat baita Zarautzen. Dena den, argi dauka ideia emateaz gain, bere aita izan zela negozioa zabaltzeko bultzada eman ziona. “Nire aitak argi ikusi zuen eta nigan sinistu zuen. Urte ba-tzuk geroago hil zen eta eskerrak eman behar dizkiot bera izan zelako honekin hasteko eta jarraitzeko bultzada eman zidan pertsona”, zehazten du hunkituta. Zentzu horretan, Aitan Toldua negozio bat baino askoz gehiago da Isastiren-tzat, bere bizitzaren zati bat da.

Isastik eskuz egiten du toldotxoa atontzeko prozesu osoa eta lehendabizi modelo bakarrarekin hasi zen arren, gaur egun lau eredu desberdin ditu. “Azken finean, Zarauzko toldoak hizkuntza bat bezala dira, eta itsasoaren arabera, tolestu egiten dira edo modu batera edo bestera jartzen dira. Hasieran, lona jaitsita zegoela egiten nuen soilik eta gero beste batzuk egiten hasi nintzen. Esaterako, enbatako loturarekin egiten dut bat, bestea itsasgora dagoenean jartzen den moduan, eta azkenik, toldoa irekita dago eta bertan toallak, sandaliak, palak eta abar jartzen dizkiot”, azaltzen du Maitek.

Prozesu osoa berak egiten du (ehuna moztu, josi, egurtxoak moztu, zuloak egin, makilak margotu…) eta noizean behin bere alabak lagun-tzen dio miniaturazko toldotxoak osatzen. Udan bisitari gehiago kontuan daudela izanda, ekoizpena askoz handiagoa izan ohi da, baina neguan ere egiten ditu garai honetan lana ez pilatzeko.

Eta profilari dagokionez, denboraldiaren arabera asko aldatzen dela dio egileak: “Neguan opariren bat egin nahi duten zarauztarrak etor-tzen dira, eta ekainean eta uztailean pasadan dagoen jendea izaten da gehienbat;beraz, gehiago eramaten dituzte kamisetak, toallak eta horrelakoak, gauza praktikoagoak. Abuztuan, berriz, urtero uda pasatzera etortzen direnak nagusitzen dira eta horiei izugarri gustatzen zaizkie toldoak, baina hondartzarekin zerikusia duten beste edozer gauza ere eramaten dute”.

Irailean joan ohi dira herritik bisitari gehienak, eta orduan iristen da opariak erosteko garaia. Hala, Isastiren arabera, denek eramaten dute Zarautzen oroigarriren bat, “amonarentzako, lagunen batentzako edota semearentzako”. Zentzu horretan, kanpoan bizi diren zarauztar askorentzako toldoak saltzen omen dituela ere azpimarratu du eta hori “izugarria” da berarentzat: “Zuk egiten duzun zerbait gustatzea ikaragarria da eta kanpoan bizi den zarauztar batentzako norbaitek opari gisa toldotxo bat erostea mundiala iruditzen zait”. Horretaz gain, zenbait txapelketetan trofeo gisa ere banatu dutela dio Maitek.

Bestalde, haurrentzako aulki txikiak ere egiten ditu eta aulkitxoek zarauztarren artean duten harrera bikaina izan omen da: “Ume bati bere neurriko aulki txiki bat jartzen diozu eta zoratu egiten da eta, gainera, asko izan dira etorri zaizkidan amonak esanez bilobak orain primeran bazkaltzen diola edo askoz hobeto meriendatzen diola hondar-tzan”.

Oroitzapen ugari

Zarauzko hondartza da, finean, Aitan Toldua denda girotzen duena eta Isastik hondartzarekin lotura handia duela nabaria da denda ikustean. Halaxe esaten diote, gainera, bezero askok: “Nire gurasoekin eta anai-arrebekin hondartzan urtez urte bizitakoa oso barruan dut, izugarri gozatu eta bizi izan nuen eta nolabait hori nabari behar da hemen. Oroitzapen oso politak ditut toldo inguruan, jolasean... Ondoko toldokoak ere berdinak izaten ziren beti, eta hazten eta zahartzen ikusi ditugu”. Udako hilabeteetako okerrena digestioak zirela dio barre artean, “garai hartan pare bat ordu egon behar genuelako uretara sartu gabe”.

Guztira, 53 urtetan izan du familiak 552. toldoa, Beach tabernaren aurrean, baina duela bozpasei urte utzi zuten familia dagoeneko ez zelako bertara joaten. “Aita hil zenean beste pare bat urtetan mantendu genuen, baina nire ama gaixotzen hasi zenez urruti gelditzen zitzaion eta toldoa alokatzeari utzi genion”, gogoratzen du. Baina toldoaren inguruko oroitzapenek bizirik diraute eta miniaturazko toldotxoen bizi-tza hasi besterik ez da egin.

Secciones