Mikel Urakenek gaur Usurbilen kontzertua eskainiko du

Mikel Laboa plazan 22.00etatik aurrera folk eta country doinuak entzuteko aukera egongo da

Jueves, 19 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

Usurbil - Laboaren Uztaila bakarlari zikloaren 4. edizioaren baitan, Mikel Urakenen emanaldia izango da gaur 22.00etan Usurbilgo Mikel Laboa plazan. Mikel Urakenek folk eta country doinuak eskaintzen ditu intentsitate eta indar handiarekin.

2000ko hamarkada erdialdean Loan metal taldean egin zituen lehen urratsak. Bakarkako ibiliari ingelesez ondutako Folk Songs for Tormented Soul lanarekin (2013) ekin zion. Omenaldi xumeak EPan (2014), Anariren bertsio bat eta Mikel Laboaren beste bat sartu zituen. Iaz Neguaren ostean plazaratu zuen, euskaraz egindako zazpi folk piezekin. Euskal kantagintzaren esparruan berrikuntzarako ale bat jarri nahi luke.

“Mikelen musika ez da erraz gustatzen den horietakoa. Mikel oso artista pertsonala da, gutxitan ikusten den ausardiaz eta gardentasunez gainera. Deserosoa suerta daiteke, baina arte deserosoa da gugan benetako talka eragin dezakeen bakarra”, adierazi dute antolatzaileek.

Autogestionatua Jaialdia sostengatzeko, autogestionatua denez eta inolako diru-laguntzarik gabe egiten denez, betiko lez txapela pasako da kontzertuetan ikusleek borondatea jar dezaten. Baina aurtengoan musikariek laguntza eskaini dute beraien diskak oparituz eta diska hauen sorta ederrak zozkatuko dira uztailaren 26ko kontzertuan. Zozketarako boletoak dagoeneko salgai daude.

Datorren kontzertua, uztailaren 26koa, Sokartean taldeak eskainiko du. - A.M.