kirolak

“Bolatan jokatzen berrogei urte daramatzat eta inoiz ez dut inor ikusi bederatzi birlak botatzen”

Martzelino Agirre, bola eta toka jokalaria.

Gaztetatik ibili da Martzelino Agirre toka eta bolan jokatzen. Aurten, bolatan, Goierriko txapeldun izan da;toka txapelketan Gipuzkoako lehenengoa ere bai

M. Aranburu - Jueves, 19 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

idiazabal - “Ezustean” hartu zuen Idiazabalgo Martzelino Agirre Gipuzkoako toka txapelketako lehen postuak. Urte askotan ibili da toka eta bolatan jokatzen eta aurtengo denboraldia biribila atera zaio.

Idiazabalen aspaldi bizi zaren arren, Segurako bola taldean zaude federatuta. Zergatik?

-Bai, urte asko daramatzat Mitizarren bizitzen, baina jaiotzez segurarra naiz. Bertan hasi nintzen bolatan, ezkondu aurretxoan, orain 40 urte inguru. Osaba ere bolatan ibiltzen zen eta guk ere halaxe egiten genuen. Garai hartan ez geneukan askoz gehiagorako eta halako jolasekin pasatzen genuen denbora. Urteak pasa ondoren ere bertako taldea mantentzen dut eta haiekin lehiatzen naiz.

Erraza badirudi ere, izango du bere gakoa bolatan ibiltzeak, ezta?

-Bai, Goierrin, orokorrean, maila oso ona dago. Guk taldeka Gipuz- koako txapelketa hainbatetan irabazi dugu eta aurten ere bai, baina ez pentsa erraza denik irabazle izatea;joko handiak egin behar dira hori lortzeko. Bederatzi birla egoten dira jarrita lurrean eta tirada bakoitzean sei botaz gero, media ona dela esaten da. Lehenengo tirada probakoa izaten da eta ondorengo zortzi bolak izaten dira puntuagarriak.

Seikoa tirada ona kontsideratzen dela esan duzu. Urte asko daramatzazu honetan, baina birla guztiak ez al dituzu inoiz bota?

-Tirada batean birla guztiak bota-tzea? Nik inoiz ez dut ikusi inor bederatzi birlak botatzen. Esaten da noizbait norbaitek bota zituela baina, nik, behintzat, ez dut halakorik ikusi 40 urte hauetan. Zazpikoak bai, ikusten dira, eta zortzikoak tarteka ere bai, baina bederatzikorik ez.

Urteen poderioz aldaketak izan dira kirol honetan?

-Bai, esaterako, lehen egurrezko bolak erabiltzen ziren eta orain beste material batzuen alde egiten da gehiago. Hala ere, bolak beti 8,200 eta 9 kilo arteko pisua izan behar du, izan egurrezkoa, izan beste material batekoa. Kontua da egurrezkoa gastatu egiten zela eta beraz, irregula- rragoa eta kontrolatzeko zailagoa bihurtzen dela. Aldiz, oraingoak berdinagoak dira eta joko hobeak egiten direla esango nuke.

Herriz herri, bolatokiz bolatoki ibili zarete lehian.

-Aurten 34 pertsona inguru ibili gara txapelketan eta Goierriko zazpi herritako bolatokietan ibili gara lehiatzen, Idiazabal, Segura, Mutiloa, Olaberria, Zerain, Legazpi eta Gabirian.

Bakarrik ez ezik, taldeka ere ibiltzen zarete bolatan. Zailagoa dela esango al zenuke?

-Taldeak seikoak izaten dira. Zaila izaten da taldeka aritzea, erregular samar ibili behar delako postu on bat eskuratu ahal izateko. Batek kale egiten badu pare bat tiradatan, oso zaila da lehenengo postuetan sailka-tzea. Eta banaka, berriz, bakoitzaren esku dago zein emaitza lortzen duen.

Tokan ere urte askoan ibili zara jokatzen.

-12-14 urterekin hasi nintzen. Oroi-tzen naiz arratsaldeetan jolasten genuela herriko hainbat txokotan eta, noski, irabaztea genuela helburu. Hamasei urte ingururekin irabazi nuen nire lehen toka txapelketa eta pentsa, orduan kanpotik jendea ere etortzen zen txapelketetan parte har-tzera, ohitura handia zegoen.

Eta tokan nola egiten da puntuazioa?

-Normalean lau botaldi egiten ditugu sei fitxekin, baina txapelketetan sei ere egiten dira. Hamaika metro eta 20 zentimetroko distantziatik bota behar izaten ditugu fitxak, eta hala ematen ez badu ere, bada distantzia, bai! Tokan, 24 jaurtiketetatik hamabitan txapa joz gero, jokaldi ona dela esaten dugu.

Gipuzkoako txapeldun izateko zenbat aldiz jo zenuen txapa?

-Egia esan ez nintzen oso fin ibili, hamalau jo nituen, baina hori nahikoa izan zen irabazteko. Beste hiruzpalau badira punta-puntakoak, baina dirudienez ez zuten egun ona izan. Guztira 20 lagun inguru aritu ginen lehian. Ez dakit nolatan irabazi nuen nik, ez nuen inolaz ere espero, bai- na asko poztu ninduen. Duela gutxi anaia galdu nuen. Hura ere tokan asko ibiltzen zen, eta oso ondo gainera. Baneukan barruan hari omenaldia moduren batean egiteko gogoa, eta hala beharko zuen aurten, nik irabaztea.

Zein da gakoa askotan emateko?

-Besoa zuzen mantentzea behar-beharrezkoa da, noski, eta indarra ere kontrolatu beharra dago. Bestela, asko praktikatzea izan daiteke gako nagusia.

Secciones