GIZARTEA

Ia 800 kilometrotako euskara abentura

Euskara bultzatzeko espedizioa osatzen dute 140 gazteak Gipuzkoan sartu dira eta Zerainen gaua eman ondoren, Tolosa, Hernani eta Irunen amaituko dituzte hurrengo etapak hilabete amaieran Getxora iritsi baino lehen.

Jurdan Arretxeren erreportajea Javi Colmeneroren argazkiak - Martes, 17 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:02h.

euskarAbentura Gipuzkoan sartu da. Uztailaren 1ean Maule-Lextarren hasi ostean, euskara sustatzeko elkartu den 140 pertsonako espedizioak Zerainen eman du gaua eta gaur Tolosara iritsiko da, ostegunera arte lurraldea gurutzatuko duen ibilbidea jarraituz. Hilabetea amaitu baino lehen 783 kilometro bete nahi ditu Euskal Herria zeharkatuko duen ekimenaren lehen edizio honek.

“Aurreikusitako plangintzaren arabera uste bezain ongi edo hobeto ateratzen ari da”, komunikazio taldeko kide den Naroa Cuestaren arabera. Bere hitzetan, “gazteen artean sortu den talde izaera kolektibo hori nabarmentzekoa da guztiz”. Euskarabentura elkartea duela ia hiru urte hasi zen lanean Euskal Herriko hamar gazteren eskutik, eta “hilabete bakar batean ari gara ikusten lan horren emaitza”.

Miguel de la Quadra Salcedok bultzatu zuen Ruta Quetzalaren antza hartu du EuskarAbenturak, antolatzaileek onartu duten moduan: “Hori oinarri hartuta, Euskal Herrira eta euskarara egokitu da, helburu desberdinekin: euskararen erabilera bultzatzea eta euskal gazteen sare bat sortzea”.

Lurralde guztietako euskaldunak daude espedizioan. Baita bi errioxar (Haro eta Casalarreina) eta Patagonia eta Washingtonetik etorritako bana: “Dinamika desberdinak ari gara garatzen euskararen bueltan, eta gehienentzat esperientzia aberasgarria izaten ari da hizkuntzaren kontua. Euskara desberdinak daude, erabilera mailak, norberaren gaitasun maila…”.

Denentzat onuragarria izaten ari da espedizioa -tartean, 30 arduradun- eta momentu bitxiak ere utzi ditu: “Adibidez, Washingtoneko mutila normalean euren artean gazteleraz egiten duten bi lagunekin elkartu da eta berak gazteleraz ez dakienez, hirukote hori, futbola eta Mundialaren bueltan, euskaraz ari da”.

EuskarAbenturak duen hirugarren helburua Euskal Herriaren “ezagutza kultural eta geografikoa sustatzea da”: “Denak egon dira Saloun, baina ez dute Euskal Herria ezagutzen;adibidez, nola 25 kilometrotan sekulako paisai aldaketa egon daitekeen Lautada eta Zerainen artean”.

Euskal Herria gurutzatzen duten Donejakue bide desberdinak oinarri hartuta, herri eta hirietan dauden monumentu eta ondasun artistikoak aztertzen ari da espedizioa, Cuestak azaldu duenez: “Bisita hauek, bidea bera eta gure harremanak interesgarriak izaten ari dira”.

“Orain arteko emaitzak oso onak dira. Oso nekatuta gaude, aurreikusita zegoen moduan, baina hasi arte ez dakizu noraino iritsiko den tentsioa, esperientzia… Egun askotan 6.00etan altxatu gara eta 23.30ak arte esna egon gara”, dio Cuestak. Espero bezala, hasieran elkarbizitza martxan jartzeak lana suposatu zuen, “baina hirugarren-laugarren egunetik aurrera, talde bat gara. Oso garrantzitsua da hori hainbeste egun elkarrekin egoteko”.

Eta bidean agertzen diren zailtasunei aurre egiteko ere bai. “Etapak uste baino gogorragoak izaten ari dira. Lehenengo biak horrela izan ziren eta Iruñatik pasa ostean, kriston beroa izan dugu: Gares, Lizarra, Viana…”, gogoratu du Komunikazio taldeko kideak. Eguraldia ez dute oso lagun izan eta uste baino kilometro gehiago egin behar izan dituzte autobusean.

Tolosa, Hernani, Irun... Momentuz bi etapa zituzten “gorriz markatuta” eta bietan zeruak planez aldatzera behartu ditu. Lehenengoa, Orreagan. Bigarrena, atzo: Agurain utzi eta Zerain arteko bidea oinez egiteko asmoa zuten, baina ekaitzek asmoak baldintzatu zituzten. Ez hori bakarrik: 20 bat lagun birus gastriko batek jota ibili dira azken egunetan: “Beroak ere ez du gehiegi lagundu. Bi mediku eta erizaina ditugu espedizioan, eta topera ibili dira asteburuan”.

Zerainen alkateak, Arantza Ruiz de Larrinagak, jaso zituen eta hainbat ekintza egin zituzten arratsaldean. Frontoian gaua pasa ostean, gaur inguruko meatzetara egingo dute bisita, arratsaldean Ormaiztegin trena hartu baino lehen. Tolosan, Olatz Peon alkateak harrera egingo die eta Alde Zaharra ezagutu ostean, Handia filma ikusteko aukera izango dute. Trena albo batera utziz eta oinezko bideari ekinez, bihar Hernanira iritsiko dira eta, ostegunean, Irunen pasako dute gaua, Bidasoa ibaia Baionarantz zeharkatu baino lehen.

Beste bi etapa Iparraldean bete ondoren, espedizioa Hegoaldera itzuliko da eta Gipuzkoako kostaldetik (Donostia, Zarautz eta Zumaia) Bizkaiarako bidea egingo du. Orain arte betetakoarekin, “antolakuntza taldea oso pozik dago”. Hurrengo edizioetara begira, “aldaketak egin beharko dira onerako”, Cuestaren arabera, “baina horrelako proiektu batek fun-tzionatzen duela ikusi dugu”.