Espainiako Gobernuarekin bilera bilaterala transferentziei buruz

Martes, 17 de Julio de 2018 - Actualizado a las 17:01h.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldi bat egin du gaur eguerdian Gobernu Kontseiluan heldu zaien gaien kontu emateko.

Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluaren ondoren izandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritza, hilabete honetan, uztailean, saiatuko da ixten Espainiako Gobernuarekin izaten ari den bilera bilaterala. Hala, adierazi duenez, egiteko dauden transferentziak izango dira bileraren "fokua eta arretagunea", eta baita aurkeztutako errekurtsoak kentzeari lotutako gaiak ere.

Horren haritik, Erkorekak nabarmendu du egiteko dauden transferentziak direla-eta trenbideetako azpiegiturak, autobideak eta Pasaiako portua izango direla aztergaiak. Aldiz, errekurtsoak kentzeari buruz bereziki aipatu ditu indarkeria politikoaren Biktimak Babesteko Legea dela-eta aurkeztutako errekurtsoak;eta gaineratu duenez, "Gobernu Zentraletik formulatu zitzaigun errekerimendua aztertu beharra dago, Aurrekontuen Legea eta han aurreikusitako ordainsari gehikuntzak direla-eta".

AUTOGOBERNUKO PONENTZIA

Bestalde, eta Autogobernuko Ponentziaren barruan sortutako eztabaidari buruz galdetuta, Erkoreka sailburuak adierazi duenez, adostasunak zabaltzea, autogobernua handitzea eta bertan sakontzea asmotzat hartuta, talde politikoek erabateko askatasuna zuten euren jarrera defendatzeko.

Horren haritik, Erkorekak azpimarratu duenez, Gobernuak erabateko konpromisoa hartua du Gobernu Programa betetzeko, "bi talde politikoek sinatu dute eta oso emaitza onak ematen ari gara Gobernu Programa horren betearazpenean", adierazi du. Gainera, Erkoreka sailburuak nabarmendu du lantzen ari diren dokumentuak, amaitzen jadanik, agerian uzten duela Gobernu Programan aurreikusitako konpromisoak betetzen ari direla, "zentzu horretan bi taldeak gaude erabateko sintonian" azpimarratu du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Lehendakariaren hitzak gogora ekarri ditu Autogobernuko Ponentziaren eztabaidari dagokionez, hau da, "zenbat eta adostasun handiagoa orduan eta akordio hobea", azpimarratu du.

FUNTZIO PUBLIKOA BILERA

Gaurko prentsaurrekoan heldu zaion beste gai bat izan da datorren asteartean egingo den funtzio publikoaren bilera, funtzionarioen ordainsariak gehitzeko gaia aztertzeko.

Sailburuak ordainsarien gehikuntzari buruz azaldu duenez, halako akordioak Ministroen Kontseiluaren barruan hartzen dira, eta ondoren jakinarazten zaizkie Autonomia Erkidegoei. Autonomia Erkidegoei helarazteko den komunikazio hori datorren asteartean egingo da, eta "bilera bat egingo da Gobernu Zentralak Autonomia Erkidego guztiei deitu izan diena, hain zuzen ere, gehikuntza finkoari baino, gehikuntza aldakorrari buruzko alderdia lantzeko, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean aurreikusitakoa, alegia", zehaztu du.

Gainera, adierazi duenez, ordainsarien gehikuntza, neurri batean, aurrekontuen legeari dagokionez Gobernu Zentralak planteatutako errekerimendua argitzen den moduaren menpe egongo da;eta bestalde, Estatuko Aurrekontuen Legeak berak jasotako aurreikuspenak betetzen diren moduaren menpe.

GIZARTE EKONOMIARAKO LAGUNTZAK

Gaurko prentsaurrekoan heldu izan zaion beste gaietako bat bi Programaren onespenari buruzkoa izan da;15,5 milioi eurokoak, Euskadin Gizarte Ekonomiako Enpresak bultzatzeko.

Batetik, onartu egin dituzte Euskadin kooperatibak eratu, sustatu eta irmotzen laguntzeko agindu ekonomikoak. "2, 7 milioi euro dira Ekonomia Sozialeko Enpresen sorkuntza bultzatu eta haiei laguntzeko", azaldu du Erkorekak.

Bestalde, 12,8 milioi euroko laguntza-lerro bat onetsi dute Euskadiko irakaskuntza-kooperatibetan inbertitzeko. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, halako ikastetxeen berrikuntza bultzatzea da helburua, higiezin berrien erosketan eta eraikuntzako edo zabalkuntzako obren egikaritzan diruz lagunduz.

NIRE KARPETA

Bestalde, gaurko bileran, Josu Erkorekak azpimarratu duenez, Gobernu Kontseiluak bultzada erabakigarria eman dio "Nire karpeta - Mi carpeta" proiektuari;leihatila digital bakarra herritarrek online egin ditzaten kudeaketa guztiak Euskal Administrazio Publikoarekin. "Onetsi egin ditugu dokumentua eta lan-egutegia gehienez 12 hilabetetan sektore publikoa osatzen duten erakunde guztiek webgune horretan iraul dezaten herritarrekiko harremanetan sortutako informazio guztia", azaldu du sailburuak.

Horren haritik, Erkoreka bozeramaileak esan duenez, plan integral bat da Euskal Administrazio Publikoa eraldatzeko erronkari heltzeko. "Kudeaketa publikoaren eraginkortasun- eta koherentzia-irizpideekin, gardentasunarekin, kontu ematearekin, herritarren parte-hartzearekin, emaitzetara bideratzearekin, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin bat datorren eraldaketa", zehaztu du.