Teresa del Valle antropologoaren lana aintzatetsi du Lehendakariak

(Donostiako Udala)

Martes, 17 de Julio de 2018 - Actualizado a las 17:04h.

DONOSTIA. Iñigo Urkullu Lehendakaria Kulturako Sailburu Bingen Zupiriarekin batera izan da Giza Zientzia, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako 2018ko Eusko Ikaskuntza-Caja Laboral Sariaren ekitaldian. Donostiako Udalean egin da ekitaldia, eta Teresa del Valle antropologoaren lana aipatu du bertan Lehendakariak, bere bokazioa eta Unibertsitatearekin eta irakaskuntzarekin hartua duen konpromisoa azpimarratzeaz gainera.

Emakumeen errealitatea ikertzeko eta hedarazteko Teresa del Vallek burututako lan luzeak eta sakonak merezi duen aintzatespen bat da sari hau. "Aitzindari izan zinen Euskal Herriko Unibertsitatean sortu berri zen Filosofia Fakultatean gehitu zenuenean Gizarte Antropologia", adierazi du Lehendakariak. Gainera, Gizarte Antropologiako Europako Elkartearen sorreran izan zuen parte hartzea azpimarratu du Urkulluk.

Bestalde, Estatuko Antropologia Feministari emandako bultzada aipatu du Lehendakariak, eta baita Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin egindako lan konprometitua ere.

1970 eta 1978 urte bitartean Ipar Amerikako Guameko eta Hawaiko unibertsitateetan prestatua, Gizarte Antropologiako lehenengo irakaslea eta ondoren lehenengo katedraduna izan zen UPV/EHUn 1988az geroztik, eta baita emakumeei buruzko azterlanen aitzindarietako bat ere gure eremuan. Nabarmentzekoa da gainera Teresa del Vallek Eusko Ikaskuntzari egindako ekarpena 1978an berriro eratu zenetik;2006 eta 2010 urte bitartean Gipuzkoarako Lehendakariorde izateaz gainera, Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuko lehendakari izan zen (2009).

"Aitzindaria zara ikertzaileak prestatzeko duzun bokazioagatik, kontuan izanik haiek ematen diela jarraitasuna zure lanari" nabarmendu du Lehendakariak. Hala, azaldu duenez, Teresa del Valle aitzindaria izan da ikerlanak lantzen, 16 liburu argitaratzen eta ezagutza hedatzen. "Gaur aintzatesten ari garen pertsona baten "kontakizuna" dugu hau, antropologiari emandako bultzadaren bitartez guk gehiago eta hobeto elkar ezagutzen lagundu duenarena", gaineratu du.

Donostian egin den ekitaldian Euskal Herriko instituzioetako eta irakaskuntzaren, kulturaren eta gizartearen eremuetako ordezkaritza zabal bat izan da, besteren artean, Hezkuntzako Sailburu Cristina Uriarte, Lan eta Justiziako Sailburu María Jesús San José, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakari Eider Mendoza. Eta bertan izan dira baita ere Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Instituzioekiko Harremanetako Sailburua, eta Eusko Ikaskuntzako eta Laboral Kutxako Lehendakari Iñaki Dorronsoro eta Txomin García, hurrenez hurren.

Secciones