Udal Artxiboko 73.800 dokumentu historiko kontsultatu daitezke udal webgunean

Donostiako Udalak, www.donostia.eus webgunearen bitartez, martxan jarri du udal artxiboko dokumentuak kontsultatu ahal izateko zerbitzua

Lunes, 16 de Julio de 2018 - Actualizado a las 16:54h.

DONOSTIA. Gardentasuneko, Giza Baliabideetako eta Berrikuntzako zinegotzi Juan Ramón Vilesek goraipatu duenez "hiriaren dokumentu ondarea zabaltzeko tresna bihurtu da artxibo digitala". Eta adierazi duenez "kontserbatu den hiriaren memoriari merezi duen garrantzia emateko modu bat da;izan ere, zoritxarrez, galdu egin zen hiriaren iraganaren eta historiaren zati handi bat".

Orain arte, hara gerturatzea izan da Artxiboko dokumentazioa lortzeko modu bakarra. Alabaina, dagoeneko, hainbat funtsetako 73.800 fitxa deskribatzaile daude eskuragarri. Fitxa horietako batzuek dokumentu digital elkartuak dituzte, eta edonorentzat eskuragarri egongo dira, dohainik. Deskribapen fitxetan, bere horretan utzi dira frankismo garaian sortu eta jasotako dokumentuetan erabilitako hitz eta esamoldeak.

Zinegotziak aditzera eman duenez "proiektu honekin, Udal Artxiboak gardentasunari eta informazioaren irisgarritasunari mesede egitea espero dugu, haren dokumentu ondarea kudeatuz eta datuak berrerabiliz, baldin eta jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideek babestuta ez badaude".

Bilatzailea

Bilaketa tresna erabiltzen erraza eta arina izateko ahalegina egin dugu. Bilaketa sinplean, edozein termino bilatuz gero, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten dokumentu guztiak emango dizkigu tresnak, fitxa deskribatzailearen alor guztietan egindako testu libreko bilaketa bat egiten baitu. Bilaketen emaitzak urtearen, katalogo zenbakiaren eta izenburuaren edo deskribapenaren arabera daude egituratuta, eta bilaketaren baldintzak betetzen dituzten dokumentuak soilik erakusten ditu.

Lan honen bidez, gaur egun eskuragarri dauden baliabideak ugaritu ditugu;izan ere, Udal Artxiboaren zati baten deskribapenak eta eduki digitalak eskuratzeko moduan egongo dira, ordutegi eta geografia mugarik gabe.

Web orrian eskuragarri ez dauden dokumentuei dagokienez, telematikoki edo aurrez aurre eskatu ahalko dira.

Artxiboaren edukia

Funtsen bolumena eta aniztasuna ditu ezaugarri Udal Artxiboak. Gaur egun, 115.916 dokumentu biltzen ditu, eta 1.725 metro lineal hartzen dituzte horiek. Ia bi kilometro dokumentazio, 1292. urtetik 1994. urtera artekoa, sailen bulego artxiboak kontuan hartu gabe.

Secciones