Ahanzturaren aurka

Sarajevon ateak ireki ditu gatazken biktimak direnumeen omenezko museoak. Jostailuen eta objektuen EE bidez azaltzen ditu gerrak utzitako orbanak 

ANE IRAZABAL - Lunes, 16 de Julio de 2018 - Actualizado a las 11:25h.

EGUN batean, zergatia jakin gabe, gure aitak zera esan zigun: Prestatu maletak, bihar kostaldera joango gara. Pozarren nengoen. Nire maletatxo arrosa hartu eta sandaliak, bainujantzia eta egunkaria sartu nituen barruan. Biharamunean, Sarajevotik alde egin genuen konboi batean, beste hainbat familiarekin... Bi hilabete pasa ziren Herbeheretara iritsi ginen arte. Nire oroitzapen guztiak maletatxo horretan daude”. Ivak 11 urte zituen Sarajevoren aurkako setioa hasi zenean. Orduz geroztik ez da etxera itzuli, baina bere maletatxo arrosa Sarajevoren erdian dago ikusgai.

Zer sentitzen da frankotiratzaileen hotsak entzutean? Nola bizi du ume batek eskolara ez joatea? Zer egin daiteke errealitateak imajinazioa irentsi ez dezan? Biziraun dezake haurtzaroak gerraren krudeltasunaren erdian? Galdera horiek eta beste asko planteatzen ditu Sarajevoko Muzej Ratnog Djetinjstva edo War Chilhood Museum-ak. Bosnia Herzegovinako hiriburuak umezaroaren eta gerraren gaineko munduko lehen museoa ireki du. Erakusketak ez du inor epel uzten.

EHUNKA OBJEKTU “Gure xedea ez da tristura sentiaraztea, ez horixe”, azaldu du Jasminko Halilovic museoko zuzendariak, “gerrak utzitako oroitzapenak sarraskietatik harago doazela erakutsi nahi diegu bisitariei”, gehitu du. Hala, War Chilhood Museum-ean ehunka objektu daude erakusgai: walkman bat, kartoi zatiez egindako ezkutu margotua, zuloz beteriko izara bat... objektu bakoitzak haur baten istorioa islatzen du. Oroitzapen batzuk tristeak dira, beste asko, berriz, egunerokoaren isla.

Zaila da jostailu edo tramankulu guztien artean bat aukeratzea. Jan, adibidez, lata bilduma bat egiten hasi zen laguntza humanitarioaren bidez iristen ziren janari poteekin. “Denek galdetzen zidaten: zenbat lata gorde behar dituzu? Eta nik erantzuten nien: behar direnak, Guiness errekorra irabazi arte”, irakur daiteke bildumaren aurrean utzitako testigantzan. Objektu guztien artean, ICAR latako haragia zen famatuena. Okelaren ospea hain zen txarra, Sarajevoko graffiti batean zera irakur zitekeela: “Beste setio bat iristen bada, nik hiltzea nahiago dut ICAR jatea baino”.

Kasuak kasu, inork gutxik sinesten zuen Janen iragarpenean, baina bere potetxoek munduko Guiness errekorra irabazi dute. “Hein handi batean, ICAR-i esker!”, erantsi du txantxa artean. Horrela, erakusketako txokorik ikonikoena bilakatu da latako haragiari eskainitako beira-arasa. Halilovicen ustez, beharrezkoa zen Sarajevon halako museo bat eraikitzea: “Granaden hotsek nire haurtzaroko soinu banda osatu zuten. Pentsatu nuen orain 30-40 urte inguru dituzten bosniarrek ere halako oroitzapenak izango zituztela”.

Halilovicek diru-laguntzarik gabe ekin zion museoa eraikitzeko proiektuari. “Crowfunding bidez aurrera atera dugu”, irizten dio. Eta gaztearen pertseberantziak saria jaso du, bada, Europako Batzordeak 2018ko Museo Europarra izendatu du War Chilhood Museum-a.

HIZKUNTZA UNIBERTSALA Museoaren helburua bikoitza da: ahanzkortasunaren aurka borrokatzea eta gerra umeen ikuspuntutik kontatzea. Museoko korridoreek denboran bidaia bat planteatzen dute. “Mundu zabaletik etorritako turistek esaten digute haien haurtzaroko jostailu asko hemen ikusi dituztenen antzekoak direla. Toki honek hizkuntza unibertsala transmititzen du”, azaldu du Halilovicek.

Hasiera batean, Sarajevoko setioan haur izan zirenen testigantzak batzeko eraiki zen erakusgela. “Baina ezin diegu bizkarra eman gaurko gatazkei. Sirian, Eritrean, Somalian, Iraken... umeek haurtzaroa galdu dute”, azaldu du Halilovicek. Horregatik, Siriako umeen objektuak batzen hasi dira. Naba’aren jaka da horietako bat. Haurtxo siriarraren hitzek bihotza apurtzen dute: “Beroki hau nire amonarena izan zen, eta gero nire lehengusinarena. Siriatik alde egin baino lehenago oparitu zidaten. Orain Libanoko kanpaleku batean bizi naiz eta nire aitak merkatuan erosten ditu jantziak”.

Secciones