Iraganari so, bizitzan aurrera egiteko

‘Tximeletak bizkarrean’ da Ugaitz Agirreren lehenengonobela. Identitatea, genero aniztasuna, buruko gaitzaketa zoriontasuna dira, besteak beste, irakurleak eleberrihonetan topatuko dituen gaiak 

MARTA MORALES - Lunes, 16 de Julio de 2018 - Actualizado a las 11:29h.

BOST urteko ibilbidea egin du Ugaitz Agirrek Tximeletak bizkarrean bere lehenengo eleberria kaleratzeko. Bide horretan ikasi, sentitu, irakurri eta esperimentatu duen guztiak istorioan eragina izan duela dio Agirrek. “Ez dago alderatzerik lehen zirriborroa eleberria orain denarekin”, onartu du Usurbilgo idazleak. Egun hauetan poz-pozik dabil Agirre, Tximeletak bizkarrean bere lehenengo lana kaleratu berri baita. “Bizkarretik zama handia kentzearen sentsazioarekin amaitu nuen edizio lana, baina, behin liburu formatuan ikusita, sekulako poza sentitu nuen”, aitortu du.

Tximeletak bizkarrean eleberriak emakume bat du protagonista: Sara izeneko 35 urteko emakume katalana. Florentzian bizi da, bertoko unibertsitatean Historiako irakaslea baita. Idazlea ere bada, eta idazketa erabiliko du aurrera egiteko tresna bezala. “Sarak, iraganari aurre eginez, zoriontasuna bilatu nahiko du. Horretarako, autobiografia bat tresna moduan erabiliko du, eta, aldi berean, bere bigarren eleberria idatziko du”, azaldu du Agirrek. Hala ere, istorioa ez da continuum batean irakurtzen, jauziez eta karanbolez beteta baitago. “Denbora asko ibili naiz itxurazko zerbait idatzi eta argitaratu nahian, eta Tximeletak bizkarrean opera prima izateak merezi izan du”, nabarmendu du idazleak.

Istorioaren protagonistak Agirrerekin berarekin hainbat antzekotasun dituela onartu du idazleak. Batetik, Historiako ikaslea eta idazlea delako Agirre bera ere. Gainera, burutazioak otutzean, Sarak bere antza duela dio, baita hitz egiteko tonuari dagokionean ere, ironia kutsua sartzen duen aldiro. “Gainontzekoan, ez dut uste antzekoak garenik. Hala ere, seguru izango dituela ingurukoek nirekin lotuko dituzten jarrera edo ñabardura txikiak. Idazterakoan, batzuetan ahaztu egiten baitzitzaidan Sararen eta nire artean harresiak eraikitzea”.

Hasiera batean, Historiari buruzko gogoeta bat egin nahi zuen Agirrek Tximeletak bizkarrean eleberrian, eta bukaerara arte mantendu den ezaugarri bat izan da hori, egileak dioenez. Baina beste helburu batzuk gailendu zaizkiola ere beraren identitatea, genero ezberdintasuna, mina, buruko gaitzak, iraganaren zama, zoriontasuna edota memoria topako ditu irakurleak.

MISTERIOARI LEKUA Misterioak ere bere lekua dauka eleberrian. Orrialdez orrialde ezkutatzen den misterioa eleberriaren izenburuarekin guztiz lotuta dagoela aurreratu du Agirrek. Izan ere, istorio honetan, tximeletek bere lekua izango zutela hasiera-hasieratik argi izan zuen idazle gipuzkoarrak. Gasteizko taberna batean istorioaren lehen zertzeladak asmatu zituen momentuaz ondo gogoratzen da Agirre. “Klase ostean joan, koadernoa mahai gainean jarri eta lagun batekin batera protagonista nolakoa izango zen pentsatzen jarri ginen. Orduan geratu zen garbi tximeletak agertuko zirela. Gainerakoa, berriz, prozesuan sortu da”.

Gasteizko taberna hartan protagonista emakume bat izan go zela ere erabaki zuten, besteak beste. “Nire lagunak hala eskatu zidan eta, ezetz esan ahal banuen ere, erronka handi bat ikusten nuen emakumezko bat protagonista hartu eta bere bizitza kontatzean. Gainera, nire profiletik ahalik eta gehien urrundu nahi nuen, beti ere zerbait maneiagarria izanda”, kontatu du idazle gazteak. Agirrek ez du ezinbestekoa ikusten iraganari edota norberaren mamuei aurre egitea. Bere ustez, norberaren izaerak, bizi izandakoak edo momentuan bertan bizitzen direnak baldintzatzen dute pertsona bakoitza. “Ni gauzak ahaztekoa naiz zentzu horretan. Gainera, nire kasuan, oraingoz, ez da beharrezkoa”, ziurtatu du.

UMETATIK IDAZTEN Idazketaren zaletasuna aspalditik dauka Agirrek. “Umetan hasi nintzen idazten. Ez dut gogoratzen zehazki noiz, baina Usurbilen bazen literatur lehiaketa bat ume eta gaztetxoei zuzendua eta ikastolatik beti bidaltzen genituen euskarako klaseetan idatzitakoak”, gogoratu du. 16 urterekin Urruzuno literatur lehiaketa irabazi zuen eta hori, bere ustez, salto eta bultzada handia izan zen. “Izan ere, ordutik, ez diot idazteari utzi”.